BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 734.020 euroko aurrekontua bideratuko du Arrigorriagako hirigunea Martiartu industrialdearekin lotuko duen bizikletarientzako eta oinezkoentzako bide berria erakitzeko. Lanak dagoeneko hasi dira.

Imanol Pradalesek, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, adierazi duenez, azpiegitura berriak alternatiba seguru eta erosoa eskainiko du egunero oinez edo bizikletaz mugitzeko, Bizkaiko lurralde historikoan hiri-mugikortasun iraunkorra sustatuz.

Horretarako bide berri honek jarraipena ematen dio lehendik dagoen bidegorri-sareari, Martiartu poligonoa Arrigorriaga eta Basauriko hiriguneekin eta San Migel, Sidenor eta Mercabilbao poligonoekin lotuz.

Bidegorri berriak 1.255 metroko luzera izango du, eta ibilgailu motordunetatik bereizita egongo da; txirrindularientzako galtzada bat, 2,5 metroko zabalerakoa, eta oinezkoentzako beste bat, bi metroko zabalerakoa. Ibaiaren ibilguarekiko paraleloan doa eta BI-625 errepidetik industrialdera sartzeko zubian amaituko da. Halaber, ibilbidearen erdian poligonoaren iparraldeko muturrerako sarbidea eskainiko du bidegorriak, Arrigorriagatik gertuen dagoen tokian.

Bidegorri berri hau eraikitzeko 734.020 euroko inbertsioa egin du Bizkaiko Foru Aldundiak eta lanak egiteko sei hilabeteko epea kalkulatu du. Aldi berean, Aldundia ibaiaren bi ertzetan gara daitezkeen aukerak aztertzen ari da, bidegorri hau zabaltzen jarraitzeko eta Ugao Miraballesera heltzeko eta, aldi berean, Agirre eta Txako industrialdeetara iristeko. Azterlan honen helburua ingurumenaren, teknikaren, ekonomiaren eta funtzionaltasunaren ikuspegitik aukera egokiena zehaztea da.