BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak enpresen digitalizazioa sustatzen darrai. Oraingo honetan bi tresna berri aurkeztu ditu: alde batetik, trantsizio digitalaren eta enpresa-kudeaketari aplikatutako jasangarritasunaren garapenaren esparruko proiektuetarako finantzaketa-programa bat, eta bestetik, finantza-diagnostikoa behar duten ETEentzako zerbitzu berri bat. Bi tresna horiek Elkartegi finantza-erakundearekin batera garatu ditu.

Ainara Basurkok, Ekonomia Sustatzeko diputatuak, eta Zenón Vázquezek, Elkargiko zuzendari nagusiak, bi tresna berri horien xehetasunak eman dituzte; ekimen hauekin lurraldeko enpresa txiki eta ertainei egoera ekonomiko zail honi aurre egiteko eta eragin eta eraldaketa handiko proiektuak bultzatzeko baliabide eraginkorrak ematea itxaroten da, bai eta enpresa horiei behar duten ezagutza ematea ere, garapenean hobetzeko aukerak hautemateko.

DIGITALIZAZIORAKO ETA JASANGARRITASUNERAKO FINANTZAKETA

Egungo egoeran, eta etorkizunari aurre egiteko, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Elkargik beharrezkotzat jotzen dute ETEei funtsezko bi bektoretan laguntzea, gure enpresek horietan inbertitu behar baitute etorkizunari arrakasta-berme gehiagorekin aurre egiteko: digitalizazioa eta jasangarritasuna, gure enpresak lehiakorragoak izan daitezen nazioarteko inguruneetan.

Ainara Basurko Sustapen Ekonomikoko diputatuak azaldu duenez, hori da Sailak ekitaldi honetarako duen lehentasunetako bat. "Badakigu arlo horietan proiektu handi samarrak gauzatzea ez dela erraza enpresa batentzat, batez ere enpresa txikiagoentzat, eta inbertsio handia eskatzen du. Horregatik, Ekonomia Sustatzeko Sailak eta Elkargik indarrak eta ahaleginak batzea erabaki dugu, finantzaketa oztopo gehigarri bat izan ez dadin. Proiektu horrek inpaktu handia izatea espero dugu, Bizkaiko enpresen trantsizio digitalari eta ingurumen-trantsizioari begira".

Horretarako, Aldundiaren eta Elkargiren arteko lankidetzari esker, ETEei proiektu berriak abian jartzeko finantzaketa egokia eskuratzeko aukera emango zaie. Hain zuzen ere, finantzaketa eskuratzearen puntu horretan frogatu da Elkargik finantza-aliatu gisa duen eginkizuna, eraginkortasuna frogatuta duen tresna moduan.

Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak 400.000 euro jarri ditu Elkargiren finantza-kaudimena hobetzeko. Horri esker, Bizkaiko enpresa-sarearen digitalizaziora eta garapen jasangarrira bideratutako proiektuetarako maileguak eman ahal izango ditu.

FINANTZA-FUNTZIOA DIAGNOSTIKATZEKO ZERBITZUA

Ingurune ekonomikoa eta, beraz, merkatuak azkar aldatzen direnez, are beharrezkoagoa da enpresaren operatibaren finantzaketa-beharren diagnostiko eguneratua izatea. Horregatik, Ekonomia Sustatzeko Sailak, Beazen bidez eta Elkargirekin lankidetzan, enpresa txiki eta ertainei zuzendutako zerbitzu berri bat abian jartzea erabaki du, Finantza-Funtzioaren Diagnostikoa izenekoa.

Helburua da enpresaren egoera ekonomiko-finantzarioari eragiten dioten aldagaiak aztertzea eta hobetzeko aukerak hautematea diruzaintzari, likideziari, kostuei, finantzaketa-estrategiei, txostenei eta kudeaketa-adierazleei dagokienez. Azterlan horrek, datuetan oinarrituta, hobetzeko aukerak detektatzen lagunduko du, tentsio ekonomikoak arindu eta konponbideak bilatuko dituztenak, finantza-kudeaketa eraginkorraren bidez.

Zerbitzua 5 eta 100 enplegu bitarteko enpresa txiki eta ertainentzat , urtean 1 eta 5 milioi euro arteko fakturazio-bolumena dutenentzat, pentsatuta dago. Zerbitzuaren kostuak %67ko hobaria du, otsailean jarriko da abian da eta hiru edo lau hilabetez luzatuko da.

Zerbitzu hori Elkargi bere EFK dibisioari ematen ari zaion bultzadaren ondorioz sortu da, eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: controlling-a, KPIak eta diruzaintza, balorazioak, familia-enpresarentzako zerbitzuak, dirulaguntzen kudeaketa edo Metixa (kanbio-tasaren eta lehengaien estaldurak kudeatzeko zerbitzua eta beste finantza-zerbitzu batzuk).