BILBO. Emakumeak kultura-ondarean duen papera ikusaraziko du Bizkaiko Foru Aldundiak berak zuzendu eta antolatuko duen Womens Legacy Europako lehen foroan. Ekitaldia datorren asteazkenean ospatuko da, urtarrilaren 27an, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, online egingo da topaketa.

Topaketak hiru bloke tematiko izango ditu. Lehenengoa Ondareari buruzko Europako Jardunaldien programari buruzkoa da, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Komunikazioaren ohiko hitzordua. Erakunde publiko eta pribatuek, elkarteek eta boluntarioek kudeatutako jarduerak aurkeztuko dira, tokiko eremutik eremu nazionalera. Bigarren blokean, garrantzi historiko, artistiko, politiko eta profesionalagatik zeharkako proiektuak osatzeko balio duten emakumeen profilak nabarmentzen dituzten ekimenak erakutsiko dira. Hirugarren eta azken blokean askotariko esperientziak erakutsiko dira, eta horien ezaugarri komuna da hezkuntza, prestakuntza eta emakumeen kultura-ondarearen sozializazioa, nazio-, eskualde- eta toki-mailako kultura-ekipamenduetan zentratuta, genero-ikuspegia funtsezko duten programak sustatzen baitituzte.

'EMAKUMEEN EMARIA', MUGAZ GAINDIKO PROIEKTU BATEN JATORRIA

Women’s Legacy Europe proiektuaren jatorria 2018an egindako Ondareari buruzko Europako Jardunaldien kanpaina da: Emakumeen emaria, Ondarea, Emakumeen emaria. Ekimenaren arrakastak Bizkaiko Foru Aldundia arlo horretan sakon lan egiten jarraitzera bultzatu zuen. Europako beste herrialde batzuekin aliantzan, estrategia eta jarduera-ildo berriak garatzea eta proiektuak plataforma komun batean trukatu eta ikusaraztea proposatu zen. Proiektua Europako Kontseiluko European Heritage Days programak hautatu zuen, mugaz gaindiko programei emandako laguntzen esparruan.

Women’s Legacy Europe-k lankidetzarako eta ezagutzarako Europako sarea, komunikazio-kanal eraginkorra, ezartzearen alde egiten du, eta helburuetako bat ondarea genero-ikuspegitik ikertzeko, interpretatzeko eta zabaltzeko jardunbide egokien «liburu zuri » bat idaztea izango da.

Foroa Europako sarean parte hartzeko gonbidapena da, kultura-ondarearekin zerikusia duen edozein arlotako jardunbide egokien adibideak partekatzeko: museoak, ikerketak, zabalkunde-kanpainak, artxiboak eta liburutegiak, unibertsitatea, gizarte- eta kultura-eragileak, eta, azken batean, gizarte berdinzaleagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzeko interesa duten pertsona guztiak.

Foroan izena ematea doakoa da, eta urtarrilaren 25aren aurretik egin behar da, esteka honetan.