“Jendeak oso onartuta dauka mendia guztiona dela, eta hori ez da horrela. Hori da portaera okerren oinarrian dagoena”, azaldu dio egunkari honi Xabier Iraola Enbako koordinatzaileak. Pandemiaren ondorioz kalean gauza handirik egin ezin zitekeenez, udaberrian eta udan ere jende asko ibili zen mendian eta orain, elurraren etorrerarekin, berdina gertatu da. “Orain jendea paseatzera joan beharrean jolastera joaten da mendira eta kontuan izan behar da toki asko jabetza pribatukoak direla”, esan du Iraolak.

Azpimarratzekoa da jabetza pribatu horietan elurraren azpian belardiak daudela eta baserritarren lantokiak izaten direla. “Lerarekin etengabe gora eta behera ibiltzerakoan belardi osoa gorritzen dute eta batzuentzat jolaslekua dena beste batzuentzat lantokia da”, nabarmendu du. Horrez gain, albo-kalteak ere sortzen ditu elurretara joateak. Jende asko mendira oinez joan ordez kotxez igotzen da bertara, eta bide guztiak okupatuta uzten dituztela dio Iraolak: “Zenbait gunetan lursailetara sartzeko oztopoak egoten dira auto pilaketen ondorioz eta traktorearekin ibili beharreko lekuak ere kotxez gainezka daude azkenaldian”.

Arazo hori “puntu jakin batzuetan” gertatzen bada ere, orokorrean mendian arduraz jokatzeko deia egin dute Enbatik. “Beste baten eremura joaten garenean kontuan izan behar dugu beraien bizilekua eta lan egiten duten lekua izan daitekela. Baserritar ba-tzuk kexatu dira traktorearekin ezin zitezkeelako moldatu autoak aparkatuta zeudelako eta hori ez da bidezkoa”, adierazi du Iraolak.

Okerrena baserritarrek mendira joaten direnei atentzioa deitzerakoan haiek “haserretu” egiten direla da Iraolaren hitzetan. “Jendeak langak ireki, barrura sartu eta zabalik uzten ditu, eta atentzio deitzen badiezu, haserretu egiten dira. Paseatzen ari direla erantzuten dute, baina ez dira ohar-tzen baserritarren etxeetan daudela”, azpimarratu du.

Mendiko lursail horien jabeek bertan lasai bizitzeko, lan egiteko eta bere ondasunak ez hondatzeko “eskubidea” dutela defendatu du Iraolak.

baserritarrak haserre

Tolosako Urkizu auzoko bizilagunek duela gutxi udaltzaingoei eta ertzainei deitu behar izan zieten errepidean gora auto asko zetozelako eta bizilagunek Tolosara ezin zutelako jaitsi. Lierni Balerdik Urkizu inguruan du baserria eta bizilagunak egoera honen inguruan kexatu direla azaldu dio egunkari honi. “Lotsagarria da gertatzen ari dena. Beti izan da horrela, baina agian orain, pandemiagatik mendia inoiz baino jendeztatuago dagoen honetan, min bikoitza egiten digu”, deitoratu du.

Jende pilaketa ugari egoten dira eta pandemia honetako segurtasun neurriak argiak badira ere, talde handiak elkartzen omen dira bertan, musukorik gabe gainera. “Lursailak lokaztuta eta ateak irekita uzten dituzte askok. Bestalde, errepide bazterrean aparka-tzen dituzte autoak mendi tontorreraino kotxez iritsi nahi dutelako eta bertako biztanleak pasa ezinik gera-tzen gara”, esan du Balerdik.

Mendian bizi direnek kalean arau batzuk bete behar dituzten bezala, kalekoek ere mendian bertako arauak “errespetatzeko” eskatu du azkenik.

Xabier Zubiaurre ere baserritarra da eta Asteasun du baserria. Traktorearekin maniobrak egiteko arazoak izaten ari omen da azkenaldian. “Mendiko errepide horiek oso estuak dira eta traktorearekin birak egiteko lekua behar da. Jendeak elurretara etortzen denean kotxea errepidearen bi aldetan aparkatuta uzten duenean gure eguneroko lana egiteko ez gara oso eroso sentitzen”, azpimarratu du Zubiaurrek.

Elurra kentzeko makinek edo bestelako larrialdietako ibilgailuek bertatik pasatzeko arazoak izaten dituztela dio eta horrez gain, langak eta pasaguneak mendira joaten direnek modu desegokian uzten dituztela nabarmendu du. “Ibilgailuak aparkatzerako orduan gauza batzuk errespetatzeko eska-tzen dugu. Kasu askotan zelaiko sarrerak, langak eta pasaguneak oztopatuta uzten dituzte eta lerak edo plastiko zatiak belardietan bueltaka geratzen dira ondoren, jaso gabe. Gauza sinpleak dira, baina uste dut askotan horiek errespetatzea ahazten zaigula”, esan du.

Jabego pribatuak txukun manten-tzeko deia egiten dute baserritarrek eta elurretan ondo pasatzera joan nahi duenak autoa beherago utzi eta mendira oinez igotzea arazoak ekiditeko modu bat izan daiteke.