BILBAO. Bizkaiko Foru Aldundiak bat egingo du Txirrindularien Europako Federazioarekin (ECF). Federazioak Europa osoan hiriko mugikortasunerako eta garraiorako bizikleta sustatzen duten txirrindulari elkarte nazionalak biltzen ditu. 1983an sortu zuten 12 txirrindulari-elkartek, eta gaur egun 75 erakunde kidetik gora ditu, mundu guztiko 50 herrialdetako herritarren ordezkari.

ECFko kideek 2018an Milanen egindako Urteko Bilera Orokorrean onartu zen 2030 Ikuspegi berrian, ECFk Europa eta mundu iraunkorra aurreikusten ditu egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat. ECFren ikuspegiak azpimarratzen du txirrindularitzak nola laguntzen duen Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuak Europan lortzen eta mugikortasun jasangarriko sistemak sustatzen dituen Europako hiri eta eskualdeetan.

2030ean, ECF nazioarteko txirrindularitza sustatzeko eta zaintzeko Europako erakunde nagusia izango da, eta bazkide positiboa EBrentzat eta nazioarteko, nazioko, eskualdeko eta tokiko erakundeentzat eta sektore guztietako erakundeentzat.

BIZIKLETENTZAKO HIRI ETA ESKUALDEAK

ECFen barruan Bizikletentzako Hiriak eta Eskualdeak sarea dago, toki- eta eskualde-administrazioak batzen dituena, bizikleta garraiobide eta aisialdi gisa sustatzeko aktiboki lan eginez. Gure ingurune hurbilean Bilboko Udala eta Gipuzkoako Foru Aldundia daude sare horren barruan.

ECFren Bizikletentzako Hiriak eta Eskualdeak sarearen helburuen artean dago bizikleta hiri-plangintzako praktiken erdigunean kokatzea, pentsamendu politikoa aldatuz eta babestuz, bai eta txirrindularitzaren sustapenean jardungo duten ezagutzak, irtenbideak eta estrategiak trukatzea ere, elkarrengandik ikasteko eta « gurpila berriro asmatu » behar izatearen dilema saihesteko.

Saileko titular Gómez Viar-ek adierazi duenez, helburu horiek bat datoz, funtsean, Bizkaian bizikletaren erabilera areagotzeko sailean egiten ari garen lanekin.

Gómez Viar Garraio eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko foru diputatua Aldundiaren ordezkari izendatzea erabaki du Gobernu Kontseiluak.