BILBO. Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak Batzar Nagusietan azaldu ditu zuzentzen duen sailak 2021ean izango dituen 70.797.000 euroak -aurreko ekitaldian baino % 10,11 gehiago- jasotzen dituzten partidak; batez ere herritarrei eta udalei zerbitzu hobeak eta modernoagoak eskaintzera, maila digitalean eraldatutako Bizkaiko Foru Aldundia bermatzera eta etorkizuneko erronken aurrean prestatzera bideratuko dira, erronka horiek egiteko modu berri, bizkorrago, berritzaile eta eraginkorragoak eskatzen dituztelako.

Ibone Bengoetxeak azpimarratu duenez, pandemiak eta bere ondorioek markatutako aurrekontu hauek, batez ere, gizarte aurreratuen berezkoa den Bizkairako Gobernu Digital inklusibo baterako trantsizioa bizkortzeko tresna izango dira: "Inoiz baino gehiago beharrezkoa da Aldundia proaktiboa izatea eta herritarrengan zentratuta egotea, mundura konektatuta egotea, berrikuntza-prozesuak txertatzea eta, teknologia berriak oinarri hartuta, prozesuak sinplifikatzea eta datuen erabilera pertsonen eta udalerrien onerako modu seguruan sustatzea".

Kontu hauekin, eta eten digitala kontuan hartuta, Sailak, arretari dagokionez hurbilago dagoen administrazio eraginkor, arin, berritzaile, garden, parte-hartzaile eta inklusibo baten bidez, pertsona guztiei behar dituzten izapide guztietan lagundu nahi die, eta herritarrei esperientzia pertsonalizatuak eskaini nahi dizkie izapide guztiak, digitalak edo ez, errazteko, konektagarritasunagatik, baliabideengatik edo gaitasunengatik egin ezin duten pertsonek modu berean eskura ditzaten.

Hain zuzen ere, zerbitzu gehiago eta hobeak, arretaren hurbiltasuna eta herritarrentzat izapide sinpleagoak eskaintzeko helburuarekin, aurrekontuak ezartzen du herritarren arretaren digitalizazioa sendotzea, aurrez aurrekoa alde batera utzi gabe, eta elkarreragingarritasuna bultzatzea.

BIZKAIA DIGITALAREN ALDEKO APUSTUA

Sozietate aurreratuei dagokien gobernu digital inklusiboaren eredua sendotzeko, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailak aurrekontuaren %53 bideratuko du 2021ean. Ehuneko hori Herritarrentzako Arreta eta Zerbitzu Digitalen, Estrategia Digitalaren eta Planen Jarraipen Programetan, Foru Informatika Planean eta Gobernu Onaren eta Gardentasunaren programetan biltzen da, Lantik, Zugaztel eta Biscaytik sozietate publikoen laguntzarekin, horiek balio handia ematen baitiote trantsizio horri alderdi teknologikoenetik.

Funtsean, foru plan informatikoaren partidak (7,8 milioi, %42 gehiago) eta administrazioaren digitalizazioa sendotzeko eta herritarren arreta hobetzeko programak gora egin dute. Horretarako, 27,18 milioi euro jarri dira (aurreko ekitaldian baino % 26,43 gehiago), eta, beraz, partidarik garrantzitsuena da. Azkenaren helburua da planak eta proiektuak bultzatzea, zuzentzea eta gainbegiratzea, kanal anitzeko sare integratua ezartzeko, herritarrek beren borondatez aukeratu dezaten Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako zerbitzuak eta edukiak ikusteko kanala. Xede horretarako behar diren metodoak eta tresna teknologikoak garatu dira, administrazio-prozeduren sinplifikatzea sustatzeko eta elkarreragingarritasuneko arautegi teknikoa ezartzeko.

LAGUNTZA BIZKAIKO UDALEI

Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren lehentasunezko ildoetako bat lurraldeko udalerriei lurralde-kohesioan aurrera egiteko laguntza eta sostengua ematea da, Bizkaiko eskualde guztiekiko konpromisoa nabarmenduz, batez ere lurralde osoaren garapen- eta ongizate-mailak lortzeko bultzada gehigarria behar izan dezaketenekin.

Horretarako, 6.500.000 euro emango zaizkio BiscayTIK Fundazioari. Fundazio horrek Bizkaiko toki-erakundeen modernizazioa bultzatzearen erantzukizuna du, besteak beste honako hauen moduko jardueren bidez: egungo zerbitzu eta sistema teknologikoen mantentze-lanak; administrazio-prozedura eta kontratazioa; lizitazio elektronikorako irtenbide teknologiko digital berriak; gizarte-zerbitzuak eta gardentasuna edo udalen etengabeko prestakuntza.

Gainera, lurraldeko udalerri txikietan azpiegituretan inbertitzeko dirulaguntzetarako aurrekontu-partidak mantenduko dira, eta 2 milioi euro izango dituzte, 2020an bezala.

Aurrekontuaren zatirik handiena foru-administrazioa martxan jartzeko bada ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren gainerako arloei laguntzen dien saila denez, suhiltzaile-parkearen partida ere jasotzen du, eta datorren ekitaldian 4.512.842 euroko aurrekontua izango du. Kapitulu honetan Zallako suhiltzaile-etxe berria eta Urioste eta Basauriko suhiltzaile-etxeetako lanak (800.000 euro) jasotzen dira.