BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak, Ternua eta Mendi Filmekin batera, martxan jarriko du zinegile gazteei bideratutako Mendi Film Bizkaia Ternua Beka 2021. Beka honen helburua Mendiko Kulturaren inguruko zinemagintza sustatzea da.

Lorea Bilbao Ibarra Euskara, kultura eta kirol foru diputatuak; Imanol Muñoz , Ternua Group-eko Marketing Managerrak eta Jabier Baraiazarra Mendi Fim Elkarteko Zuzendariak aurkeztu egin dute zinegile gazteei zuzendutako beka hau.

EAEn lan egin edo bertan ikasi izan duten zinegile gazteei zuzenduta dagoen beka da, 18 eta 35 urte bitarteko egile berriak.

Bekaren xedea Mendiko Kulturari buruzko filmagintza sustatzea da, Euskal Autonomia Erkidegoan eta bereziki Bizkaian, hasi kostaldetik eta euskararen lurraldeko gailurrik garaienetaraino. 10.000 euroko balioa du bekak.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia mendi zinemaldiaren 14. edizioan plazaratuko da sortzen den filma, 2021eko abenduan.

Deialdia 2020ko abenduaren 14an zabaldu eta 2021eko otsailaren 8an itxiko da. Sortze prozesuan, edo hastapenean dauden proiektuak onartuko dira, ez amaituta daudenak. Oinarrietan ezarri diren baldintzak betetzen dituzten proiektuak aztertzeko, bost laguneko lan taldea batu da: Lara Izagirre, zinegilea; Alberto Iñurrategi, mendizalea; Itziar Garcia, zine ekoizlea; Aitor Gisasola, zinegilea eta ikusentzunezko irakaslea eta Jabier Baraiazarra, Mendi Film Elkarteko zuzendaria.

Mendiko kulturaren altzoan, mendian egin edo garatu daitezkeen hainbat jarduera batu daitezke: kirola, kultura, hizkuntzak, artea, ekonomia€ Horien eragile aktiboak dira bekaren babesleak:

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol sailak lurraldearen izana eta izaera hartzen ditu bere gerizpean, haien zaintza eta ezagutza sustatuz.

Ternua Group outdoor arropa enpresa erreferentea da, ingurumenarekiko duen konpromisoagatik nazioartean saritua, eta konpromiso horretatik abiatuta ikerketa eta garapena lantzen ditu.

Mendi Film Elkarteak BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko mendi zinemaldia eta Mendi Tour zirkuituaren bidez lau haizetara zabaltzen ditu Mendiko Kulturaren inguruko mezuak, eta zinema genero horren industriaren zaintzan diharduen International Alliance for Mountain Film elkarteko kide da.