"Hizkuntza arrotzez hitz egingo dizut hizkuntza arruntek arrozten dutena ezagun egin dakizun". Yolanda Arrieta idazle bizkaitarraren esaldi honek apain-tzen du atzotik Bizkaiko Foru Liburutegia, non Euskaren Egunaren harira euskal sorkuntzaren garran-tzia azpimarratu nahi izan zuen Foru Aldundiak. Horrela, euskarazko argitalpenen inguruko datuak proiektatu zituzten: orain arte, 2020. urtean 844 izan dira argitaratutako euskarazko sorkuntza lanak, horietatik 636 liburuak izan dira, eta %40,5 haur eta gazte literaturari dagozkionak dira. Gainera 44 aldizkari espezializatu publikatu dira, jokoak, berriz, 10 izan dira, filmak 44 eta musika lanak 102.

Hain zuzen ere, euskal literaturaren zabalkundea bilatzen duen Inspirarte proiektuaren ekimena Bizkaiko Foru Liburutegira heldu den egunean goraipatu zituen datuak Lorea Bilbaok, Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak. Egitasmoaren aurkezpenean euskaraz sortutako kultura (musika, antzerkia, literatura, filmak€) kontsumitzeko deia egin zuen. Haren esanetan, "euskal sorkuntzari bultzada emateko unea da, izan ere euskarazko eskaintza gero eta handiagoa da, badago non aukeratu".

Inspirarte egitasmoa

Euskal Idazleen Elkartea edota Elkar Fundazioaren laguntzarekin 16 ikaslek osatutako Strom gazte elkartetik sortutakoa da, eta Bizkaiko udalerriak literatura esaldiz betetzean datza. Bizkaiko Foru Liburutegia ekimena zabaltzeko aukeratutako bigarren kokalekua da, Itsasmuseumean izan baitzuen bere lehen parada. Orduan, Kirmen Uriberen testu labur bat aukeratu zuten: "Ez eman hauta-tzeko. Hemen geratuko naiz. Olatu berde eta mendi urdinen artean".

Euskal idazleen 60 aipu jarri nahi ditu Inspirarte proiektuak Bizkaiko 40 udalerritako espazio ezberdinetan, espaloietan zein etxeetako atarietan. Proiektu honek euskal literatura modu desberdin batean ikusaraztea du helburu. Mugimendu literario honen bitartez, Bizkaiko jendearengan inpaktua eragin nahi da, bai eta euskal literaturarekiko interesa piztu eta kontsumoa sustatu ere. Literaturaz gain, esaldi eta lan hauen atzean dauden Euskal Herriko idazleei ikusgarritasuna eman nahi zaie.

Proiektuak euskal literaturaren egoerari buruzko azterketa bat du sorburu. Izan ere, Siadekok Elkar Fundazioarentzat abiarazitako ikerketaren arabera, azken hilabetean gutxienez liburu bat irakurri duten euskaldunak %58a dira, baina horietatik bakarrik %11k irakurtzen dute maiz euskaraz. Aldea are nabarmenagoa da euskal gazteei erreparatuz gero. Izan ere, 18 urtetik 29 urte bitartekoen artean %78k sarritan irakurtzen duela dio, baina horietako %8k bakarrik aukeratzen ditu euskarazko liburuak.