BILBO. Gasteiz Bilborekin eta haren metropoli eremuarekin lotzen dituzten autobus lineak kooperatiba moduan kudeatzeko hitzarmena sinatu egin dute Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek. Akordio horri esker, Forondako eta Loiuko aireportuen arteko zuzeneko zerbitzua ezarriko da.

Bizkaiak aterako du lizitaziora emakida bateratua eta Arabak erabakiko du zein izango diren bere eskumeneko bi lineen ibilbideak, geralekuak, ordutegiak eta tarifak (Gasteiztik Bilbora, autobidetik eta Murgitik).

Blanca de la Peña Arabako Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko foru diputatuak eta Miguel Angel Gómez Viar Bizkaiko Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Saileko foru diputatuak akordio bat aurkeztu dute gaur, bi erakundeen arteko eskumen gatazka konpontzeko eta orain hiru urte hasitako prozesu judizialari amaiera emateko. De la Peñak eta Gómez Viarrek azpimarratu dutenez, akordio horrek "lankidetza eta kooperazioa finkatzen ditu, haiexek dira-eta baliabiderik onenak Arabako eta Bizkaiko herritarren mugikortasun beharrak eraginkortasunez eta efizientziaz betetzeko".

"Linea guztien emakida bateratua mantenduko dugu, haietako bakoitzaren titulartasuna edozein dela ere, sinetsita baikaude formula horrek herritarrei zerbitzu eraginkorragoa bermatzen diela. Kontuan izan behar da autobus linea guztiek arabarrei zein bizkaitarrei eragiten dietela", azaldu dute.

Akordio hori laster gauzatuko da, egun Gasteiz eta Bilbo eta haien inguruak lotzen dituzten lineen (Bilbo/Gasteiz Otxandiotik, Bilbo/Gasteiz Ubidetik, Bilbo/Gasteiz Murgitik, Bilbo/Gasteiz autobidetik, Leioa EHU/Gasteiz, Gallarta/Gasteiz eta Algorta/Gasteiz) eta Gasteiz eta Forondako eta Loiuko aireportuak lotuko dituen linea berriaren kudeaketa bateratua arautuko duen hitzarmena sinatuta. Bi aireportuen errepide bidezko konektibitatea hobetuko da, eta hori bereziki ongi jaso dute bi administrazioek.

"Hala, Arabako erakundeen eta gizartearen eskaera historikoa gauzatuko dugu, Arabako herritarren mugikortasuna erraztuko duena, bai eta Forondako eta Loiuko aireportuetan lurreratzen diren bisitariak Gasteizera eta Arabara iristea ere. Hura martxan jartzea oso positiboa izango da Arabako ekonomiarako eta turismorako", nabarmendu du Arabako foru diputatuak.

"Linea berriak nabarmen hobetuko ditu Loiuko aireportuak Gasteizekin eta Arabarekin dituen komunikazioak, bai eta bi aireportuen artekoak ere, eta horrek onurak ekarriko dizkie bi lurraldeei", adierazi du Miguel Angel Viar foru diputatuak.

Hitzarmenak funtsezko hiru ardatz izango ditu: batetik, autobidetik eta Murgitik doazen Bilbo/Gasteiz lineen titulartasuna eta eskumena aitortzea Arabako Foru Aldundiari, bai eta linea horiei buruz erabakitzeko gaitasuna ere; bestetik, Arabako hiriburuaren eta Forondako eta Loiuko aireportuen artean linea hori sortzea eta abian jartzea; eta azkenik, Bizkaiko Foru Aldundiak linea guztien kudeaketa bateratuaren proiektua izapidetzea, eta, BAOn eta ALHAOn argitaratu ondoren, haiek lizitaziora atera eta adjudikatzea.

"Alde horretatik, akordio ona da, interes orokorra erakunde bakoitzari esleitutako eskumenen alde bakarreko erabileraren aurretik jartzen du eta", azpimarratu du Gómez Viarrek. "Argi eta garbi definitzen ditu zerbitzu hori emateko baldintzak, herritarren mugikortasun beharrei erantzunez eta, aldi berean, aldundi bakoitzari esleitutako eskumenak errespetatuz".

NAHITAEZKO TXOSTENAK

Hitzarmena sinatu ondoren, Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaketa bateratuko aurreproiektua egiten eta izapidetzen hasiko da eta onetsi egingo du, eta interes orokorrekotzat jotzen den linea berria sartuko da han. Bestalde, Arabako Foru Aldundia arduratuko da azterlan eta txosten tekniko guztiak egiteaz eta BFAri emateaz, eta aireportuetarako zuzeneko linea berri hori definitzeko oinarri gisa balioko dute, aipatutako aurreproiektuari eransteko.

Era berean, Arabako Foru Aldundiak nahitaezko txosten loteslea egingo du bere eskumeneko bi lineen ibilbideei, geralekuei, ordutegiei, tarifei eta bidaia kopuruari buruz, aurreproiektua onetsi aurretik (Bilbotik Gasteizera, autobidetik eta Murgitik). "Horrek bermatzen du bi linea horiei buruz erabakitzeko dugun gaitasuna, arabarren mugikortasun beharrei ahalik eta ondoen erantzuteko eta Zuian bizi direnen eskaerei erantzuteko", azpimarratu du Blanca de la Peñak.

Txosten hori loteslea izango da Gasteizen eta Forondako eta Loiuko aireportuen arteko linea berriaren ezaugarrietarako ere, baldin eta ibilbidearen zatirik handiena Arabatik igarotzen bada. Arabako Foru Aldundiak emakida bateratuan sartuta dauden Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumeneko gainerako lineetarako proposamenak ere egin ahal izango ditu txosten horretan, baina kasu horretan ez dira lotesleak izango.

Proiektua izapidetu eta onetsi ondoren, eta akordioak bi aldundiei ematen dizkien eskumen guztiak baliatuta, Bizkaiko Foru Aldundia arduratuko da agiriak idazteaz eta lineak lizitaziora atera eta emakida bakar baten bidez adjudikatzeaz, onetsitako proiektuan oinarrituta.

Akordioak Jarraipen eta Kontrol Batzorde Mistoa sortzea ere ezartzen du, hitzarmena behar bezala gauzatzeko. Batzorde hori administrazio bakoitzeko hiru ordezkarik osatuko dute. Foru aldundi bakoitzak hautatuko du, bere kideen artean, batzorde horretako lehendakaria, zeinak urtean behin eta txandaka jardungo baitu, eta indarraldiko lehen urtean Bizkaiko Foru Aldunditik hasiko da.