BILBO. Ehun urte baino gehiago dituen jacquard ehungailua jarriko du martxan La Encartada Fabrika-Museoak. 114 urte konkretuki dituen makina erabat eraberrituta dago.

La Encartada fabrikan artilezko ehunak egiten ziren XIX. mendean Museoak gaur egun dauzkan ondasunetan balio berezia dauka makinen bildumak, ekoizpen-prozesuan erabiltzen ziren elementu guzti-guztiak daude eta. Ondare tekniko horretan jacquard sistemako ehungailua nabarmentzen da.

Duela hamar urte Laurentino de Cabo leondar artisauak eta Joaquín Marco arabar zaharberritzaileak lanerako prest utzi zuten XX. mendeko puntako teknologiak sortutako makina bikain hau. Goialdeko zubitik esekitako irazki-hariak ondo artatuta dauzkaten makina bakanetakoa da.

LEHENENGOZ STREAMING BIDEZ

2011. urtetik Laurentino De Cabo bera lanean ari da duela 100 urte baino gehiago Sucesores Durán Cañameras enpresak egindako 1. ehungailu honen erakusketetan eta bisita berezietan. Orain arte gutxi izan dira makina prestatzeko lanak eta adituaren azalpenak gozatu ahal izan dituzten pribilegiatuak.

Orain, baina, zorioneko gaude: La Encartada Fabrika-Museoak ondarea zabaltzearen alde egin du, eta horren ildotik denon eskura jarriko du pribilegio hori. Hain zuzen ere, azaroaren 28an, larunbata, eguerdiko 12:30etan, foru museoak ehungailua lanerako nola prestatzen den erakusten duen bisita gidatua zuzenean ikusteko aukera emango die herritar guztiei. Bizkaiko Foru Aldundiko youtube kanalean sartu eta etxetik bertatik ikusi ahal izango dugu nola erabiltzen zen jacquard ehungailua ehun marrazkidunak modu automatizatuan egiteko.

Aukera paregabea izango da etxetik zirkin egin gabe aparteko makina hau lanean ikusteko eta ezagutzeko informatikaren hastapenak ezarri zituzten "makina programatuetako bat".