BILBO. Datorren asteko asteazkenean, azaroak 25, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Hori dela eta, Bizkaiko Foru Aldundiak indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio-kanpaina jarriko du martxan.

Teresa Laespadak, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru diputatuak, prentsaurrekoan aurkeztu du 'Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da' leloa duen kanpaina hau.

Laespada diputatuak azaldu duenez, "egon daude aurretiazko jarrera eta urrats batzuk, ostean indarkeria matxista sortzen dutenak eta batzuetan ikusi nahi ez direnak", eta horrek begirada berria jartzea eskatzen du, "jarrera eta urrats horiek detektatzeko eta geldiarazteko". "Askotan ez dira ikusten edo ez dira ikusi nahi aldez aurretiko seinaleak", azpimarratu du.

Halaber, gogorarazi du kanpaina honek indarkeria matxistaren biktimen arretarako programa guztiak osatzen dituela, Bizkaian oraindik gertatzen den Giza Eskubideen urraketarik handienetako bat.

Kanpainaren mezua aipatu den 'Ez ikusi ez dagoenik. Indarkeria matxista da' lelo horretatik abiatzen da eta une eta ingurune desberdinetara bideratutako lau mezuren bidez garatzen da:

Lau esaldiak hauek dira:

  • Hori da itxura! Probokatzeko egiten du€
  • 'Like' ematen zien beste mutil batzuei€
  • Beste gizon askorekin hitz egiten zuen€
  • Beroaldi batean jo zuen, baina asko maite zuen€

Kanpainaren atal grafikoak begi bat irudikatzen duen irudi bat du, ikusi nahi denaren eta ikus daitekeenaren zentzuan.

Kanpaina modu tradizionalean hedatzen ari da komunikabideetan: egunkarietan, aldizkarietan, irratietan, telebistetan,€ formatu fisikoan zein digitalean. Era berean, sare sozialetan ere badu presentzia.

Kanpoko komunikazioari dagokionez kanpaina Metro Bilbaoko hainbat espaziotan ikus daiteke (kartelak, Berastegitik Abandora sartzeko eskailerak, San Nikolas geltokira sartzeko panelak, baita PortaBariken ere). Aldi berean, ikusgai dago EuskoTrenen, Renferen aldiriko trenetan eta Bizkaibuseko hainbat autobusetan (32 unitate).

Kartelgintza fisiko hau dendetan ere egongo da Cecobi, Bilbaodendak, Bizkaidendak eta El Corte Inglésen lankidetzari esker. Guztira, 13.000 kartel inguru eta beste horrenbeste pegatina.

Era berean, ikusgai egongo da Bizkaiko 71 kiroldegitan, gure udaletxe guztietan, 160 osasun-zentro eta ospitale baino gehiagotan, 250 ikastetxe baino gehiagotan, 500 bat elkarte eta erakundetan eta, jakina, Foru Aldundiaren bulego asko eta askotan.

EKINTZA GEHIAGO

Kirol profesionaleko hainbat kluben babesa ere jaso du kanpainak. Athletic Clubek, besteak beste, San Mames argituko du kanpainaren leloarekin hilaren 25ean. Saskibaloiaren arloan Bilbao Basket eta Lointek Gernika taldeek, eskubaloiko Zuazo taldeak eta saskibaloi egokituak ere ekintzak egingo dituzte partida batzuetan eta euren sare sozialetan argitaratuko dute

Gainera 400 maskara banatuko dira kanpainaren irudiarekin.

Beste alde batetik, Indarkeria Matxistaren Bizkaiko Behatokiaren webgunea berritzen ari dira. Gure Lurralde Historikoan gertatzen diren emakumeen aurkako indarkeria-egoerei buruzko informazio- eta jarraipen-sistema kontsultatzeko aukera ematen duen gunea da.

Hemen indarkeria matxistari eta biktimei buruzko urte askotako zifrak eta bilakaerak kontsultatu ahal izango dira, eta baita biktimei arreta emateko baliabideei buruzko datuak ere. Aparteko erreminta da, eguneratuta dagoena biktimenganako arretaren errealitatea eta aukerak ezagutzeko.

Azkenik, azaroaren 25 honekin lotutako antzerki emanaldi bat ere egingo da. 'El último baile', antzezlana da, Ramón Barea buru duen Pabellón 6 konpainiak taularatuta. 1960ko azaroaren 25ean Rafael Leónidas Trujillo dominikar presidentearen erregimenak Mirabal ahizpak hil zituela gogorarazten digu. Obra hainbat ikastetxetako batxilergoko ikasleek eta helduek ikusiko dute.