BILBO. Gizartean euskararen erabilera sustatzeko bi ekimen berri abiaraziko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, Berbanet eta 'Gura baduzu, gura dut' izenekoak. Programa biak Foru Erakundearen Euskararen VI. Plan Nagusiaren barruan jarriko dira martxan.

Berbanet-ek hasiera eman die euskarazko ahozko saioei; proiektuaren helburua da nahi duten Foru Erakundearen langileek aukera izan dezaten euskara modu telematikoan praktikatzeko (mintzapraktika).

Ehun foru-langilek baino gehiagok eman dute izena programa berrian, zeina abenduan bukatuko den; orduan ere amaituko da Euskaraldiaren 2020ko edizioa. Programa honen bidez, lortu nahi da foru-zerbitzu eta foru-atal guztietako langileek jarioa hobetzea, beldurra kentzea eta lan-eremuan euskaraz hitz egiteko ohitura finkatzea. Horrek berekin ekarriko du mintzamenaren eta ahozko ulermenaren maila hobetzea.

Saioak bikoteka egingo dira: kideetako bat euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi duen eta maila hobetu nahi duen pertsona bat izango da (berbalaria), eta bestea, euskaraz hitz egiteko ohitura handiagoa daukana (berbalaguna), elkarrizketan berbalariari laguntza emango diona. Bikote bakoitzak 30 minutuko elkarrizketak izango ditu, astean behin. Elkarrizketak bitarteko telematikoen bidez egingo dira: bideo-konferentziak, telefono-deiak, bideo-deiak, etab.

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak bulego tekniko moduan jardungo du egitasmoak dirauen bitartean: saioak bultzatu eta dinamizatuko ditu eta haien jarraipena egingo du.

Bestalde, Foru Erakundeak mahai, manpara eta arreta-espazioetan jartzeko euskarri berri batzuk atera ditu, «Gura baduzu, gura dut» leloa eta euskararen ikurra den txantxangorria daramatenak —zeinak Aldundiaren zerbitzu, atal eta enplegatu elebidunen erreferentzia-sistemari gehitu zaizkion—, bizkaitarrak eta Aldundian lan egiten dutenak elkarrekin euskaraz komunikatu daitezen gonbidatzeko modu adeitsuan.

Halaber, Aldundi honen gogo ona islatu nahi da; alegia, herritar guztiei eta Bizkaiko Foru Aldundiko enplegatuei adierazi nahi zaie prest eta irrikan dagoela zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko.

Mahai gainean jartzeko «Gura baduzu, gura dut» lelodun euskarriak eta binilo itsasgarriak banatu dira Aldundiko zuzendaritza guztietan, herritarrei arreta emateko puntu eta postuetan eta gune eta bulegoetan jar daitezen, Aldundiaren gonbidapena argi helarazteko herritar guztiei.

Ekimen honen helburu nagusia da herritarren eta enplegatuen eskaeratik urrats bat harago joatea, elebitan ematen diren zerbitzuen eskaintzari dagokionez.