BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak, koronabirusaren pandemiak eragindako krisialdiaren kalteak arintzeko helburuarekin, lurraldeko enplegua sustatzeko lau anezka abiarazi ditu DEMA Enpresa Garapenerako Agentziaren bidez. Enplegu-anezka horietan izena emateko epea urriaren 12an itxiko da.

Izena eman nahi dutenek langabetuak izan behar dute —edo enplegua hobetzeko prozesuetan egon—; Lanbiden erregistraturik egon behar dute, eta Bizkaian erroldatuta egon. Programa honi buruzko informazio gehiago lortzeko eta aurreinskripzioa egiteko, DEMA agentziarekin jarri behar da harremanetan (helbide honetan edo 94 418 90 55 telefono-zenbakian).

Deialdi hau eginda, guztira 33 izango dira gure lurraldean abiarazitako enplegu-anezkak, aukera ematen dutenak hamar parte-hartzailetik sei lan-merkatura sar daitezen. Beraz, lau enplegu-anezka hauek amaitzen direnean, 400 enplegutik hesi sortzera helduko da.

Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko foru-diputatuak gogora ekarri du «langabezia-tasaren atzean benetako dramak daudela: ahaztutako pertsonak, lan-merkatutik kanporatutakoak, 45 urtetik gorakoak, iraupen luzeko langabezian daudenak, emakumeak eta asko saiatu arren aldi baterako enpleguak, gaizki ordainduak eta prekarioak lortzen dituzten gazteak».

«2016an, Bilbon lehen anezka abian jarri genuen 14 emakume eta 7 gizonekin —ondo gogoratzen dut—, eta ziur geunden tresna baliagarriak izango zirela lana lortzeko, pertsonak ahalduntzeko», gaineratu du.

Lau enplegu-anezka berri hauek Bilbon, Ezkerraldean, Eskuinaldean eta Nerbioi-Ibaizabal eskualdean kokatuko dira, baina hori ez da oztopo izango Bizkaiko beste leku batzuetako jendeak parte hartzeko aukera izan dezan.

NOLA FUNTZIONATZEN DU?

Taldean gehienez 15 pertsona egon daitezke, eta berau osatzen duten pertsona guztientzako lana bilatzea du xede.

Koordinatzaile batek sostengu etengabea eskainiko dio taldeari, eta bakarkako eta taldeko saio guztietan egongo da.

Anezkan parte hartzea borondatezkoa da eta ez dakar kontraprestaziorik, baina konpromiso handia eskatzen die parte-hartzaileei anezkak dirauen epe guztian zehar parte hartzeari zein bertaratzeari dagokionez.

Anezkak lau hilabeteko iraupena izango du, eta, aldi horretan, parte-hartzaileek laneratzeko bidean aurrera egingo dute, hainbat jardueraren bitartez. Bi hilabetetik gorako jarraipena egingo da.

Koordinatzailearekin borondatezko esku-hartzeak eta ordutegi horretatik kanpo planifikatutako beste jarduera batzuk alde batera utzita, saioak astean hiru egunetan egingo dira, eta covidaren aurkako neurri gisa, honela banatuko dira:

  • Astean bi egunetan, aurrez aurre, 4 orduko saioan.
  • Online saio bat, 2 ordu eta erdikoa.
  • Nahitaezkoa da ordenagailu pertsonala izatea.

JARDUERAK

  • Enplegagarritasuna hobetzeko taldeko saioetan lan egingo da, proiektuen, prestakuntza pilulen, talde-dinamiken eta talde-lanaren bidez.
  • Aukera egongo da koordinatzailearekin saio pertsonalizatuak egiteko.
  • Harremanak izango dira enpresa eta tailerretako giza baliabideen arduradunekin.
  • Foro, topaketa eta ekitaldiak antolatuko dira eta haietan parte hartuko da.
  • Negozio-ideia bat duten pertsonei ekintzailetza-tailerrak eta ibilbide praktiko bat eskainiko zaizkie.