BILBO. Datorren astelehenean, hilak 28, Bizkaiko Eskola Kirolak bere jarduera berrabiaraziko du. Koronabirusaren pandemia dela eta, martxoan eten behar izan zen. Gaur goizean, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatu Lorea Bilbaok neurri honen nondik-norako guztiak azaldu ditu.

Hartutako neurrien artean nabarmentzekoak dira kontaktu fisikoa murriztu beharko dela, entrenamenduak ikuslerik gabe egingo direla eta, egoera epidemiologikoak hobera egin ezean, ez dela lehiaketarik izango.

Lorea Bilbaok honela azaldu du zergatik Eskola Kirolaren hasieran entrenamenduak baino ez diren egingo: "Gure ustez taldea babesteko modurik onena da. Gainera, entrenamenduak erraz kontrolatzeko moduko kirol-jarduerak dira; ezinbestekoa da taldeak ez nahastea". Eta esan du egoera epidemiologikoak hobera eginez gero, berriz ere lehiaketei ekiteko aukera aztertuko dela. Nolanahi ere, egoera hobetu arte ezin izango da partidarik, txapelketarik ez antzekorik jokatu, ez eta "lagunartekoak" ere, eta ezin izango da egin hastapen-ikastarorik ez hobekuntza-ikastarorik.

Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatuak azpimarratu du Eskola Kirola ez dela bertan behera utzi: "Eusko Jaurlaritzaren eskaera aintzat hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak abuztu amaieran erabaki zuen Eskola Kirolaren hasiera atzeratzea. Gainera, zabalik utzi zen programaren amaiera uztailaren 11ra atzeratzeko aukera. Hiru foru aldundiek onartu genuen atzerapena".

Programa honen hasiera atzeratzeko bi arrazoi egon dira batik bat:

Batetik, ikasturte berriaren hasiera leuntzea eta erraztea, sei hilabete eskolatik kanpo eman ondoren.

Eskola Kirolan parte hartzen duten entitateei jarduerak prestatzeko astia ematea. Hori dela eta, kontuan eduki behar da abuztuan Eskola Kirolaren Euskal Batzordean arautegi orokorra adostu zutela Eusko Jaurlaritzak eta hiru aldundiek. Arautegi hori oinarritzat hartuta, Eskola Kirolaren antolakuntzan parte hartzen duten entitate guztiek bete beharreko jardun-protokoloa prestatu da. Hori guztia abuztuan onetsi zen; orduan, batzorde horretan bertan honako erabaki hauek hartu ziren: teknikariek prestakuntza jasotzea, osasun-arduraduna egotea eta programan parte hartzen dutenek protokoloa onartzeko konpromisoa hartzea.

Kirol-jardunaren hasiera atzeratu arren, izena emateko aldiaren hasiera ez zen aldatu (irailaren 1a), ebazpen hori Eusko Jaurlaritzak aldundiei programaren hasiera atzeratzeko eskatu baino lehen onetsi zen eta. Izena emateko aldia ez aldatzeko erabakia Eusko Jaurlaritzari eta beste foru aldundiei jakinarazi zitzaien, eta gero interesdunei ere bai: ikastetxeei, kirol entitateei (taldeak, federazioak), eta udalei (kirol-instalazioen jabeak diren aldetik).

Izena emateko aldia ez aldatzea onuragarria izango da; esate baterako, kirol-jarduna hasi ondoren ez da gertatuko atzerapenik izapide administratiboen eraginez, hasieran ezarritakoaren arabera egingo dira eta. Gainera, entitateek astia edukiko dute egoera berrira egokitzeko, programa ikasturtearekin batera hasiko da, eta horri esker umeek errazago izango dute eskolako erritmora moldatzen.

Nolanahi ere, gaur egungo egoera zein berezia den kontuan hartuta, umeak programan inskribatzeko aldia abenduaren 23ra arte luzatuko da.

Entrenamenduak honela egin beharko dira:

  • Ahal dela, entrenamendu fisikoa kanpoan egingo da.
  • Entrenamendu-taldeetako kideen kopurua ezin da izan aldi bakoitzean ezarritako gehienekoa baino handiagoa.
  • Entrenamendu-txanden artean instalazioak garbitu eta desinfektatu egingo dira.
  • Hasieran kirolariak banaka entrenatuko dira, batez ere prestakuntza fisikoa eta lesioen prebentzioa; gero, gutxika-gutxika, talde txikietan edo postuka entrenatuko dira, eta azkenean talde osoa batu ahal izango da (talde-kiroletan).
  • Ahal dela, kirol-jardunean gutxieneko segurtasun-distantzia mantendu beharko da, kirolarien arteko kontaktua nahitaezkoa denean izan ezik.
  • Entrenamenduetako sartu-irtenetan kirolariak gutxienez 1,5 metrora egon beharko dira elkarrengandik.
  • Entrenamenduak ikuslerik gabe egingo dira.
  • Hainbat kirolarik material bera erabili behar badute, gomendatzen diren higiene eta garbiketa neurriak aplikatuko dira.
  • Aldagelak ezin izango dira erabili.
  • Kirol-jardunean izan ezik, maskara soinean eduki beharko da.