BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eskainitako datuen arabera, 50 bat kasu positibo daude Bilboko eta Zamudioko adinekoen bi egoitzetan.

Abuztuaren 12aren amaieran, Bizkaiko Lurralde Historikoan adinekoentzat baimenduta dauden 155 egoitzetan (guztira, 10.748 plaza), pertsona hauek zeuden Covid-19ak jota, Gizarte Ekintza Saileko Ikuskapen eta Kontrol Zerbitzuak eskuragarri jarritako informazioaren arabera:

  • Positiboa baieztatua duten egoitzako erabiltzaileak: 16
  • Positiboa baieztatua duten egoitzako erabiltzaileak, ospitaleratuta daudenak: 4
  • Sendatu diren egoitzako erabiltzaileak (Covid-19an negatibo, aurretik positibo emanda): 1.621
  • Positiboa baieztatua duten egoitzako langileak: 36
  • Isolatuta dauden langileak (Covid-19a baieztatu gabe): 66

Horrez gain, Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak, koronabirus bidezko infekzio-kasuak artatzeko, 29 adineko hartzen ditu. Pertsona horietatik, 15 egoitza-zentroen sareko erabiltzaileak dira, eta 14, zaurtasun-egoeran dauden pertsonak, zeinak koarentenan dauden ospitaleratuta egon ondoren.

GAUR BAIEZTATUTAKO KASU BERRIAK

Bizkaiko Foru Aldundiko esku-hartze azkarreko bost foru-taldeek baheketak egiten jarraitzen dute egunero egoitza-zentroetan erkidegoan kutsatze-kopurua handitu den lurraldeko eremuetan zentratuta. Atzo, 710 proba diagnostiko egin zituzten Lurraldeko adinekoen 6 egoitzatan, 5.370 PCR proba gehituz.

Egun, atzoko proben zenbait emaitzen arabera, bi dira katetuak antzeman dituzten zentroak.

Zamudioko egoitza baten, zentroko langile batek positibo eman ondoren, egoitza osoari baheketa egin zaio (101 erabiltzaile eta 74 langile). Proben emaitzen arabera, sintomarik gabeko 26 pertsona daude zentroan, beren geletan isolatuta, eta beste hainbat profesional. Zentroko aurrez aurreko aktibitatea bertan behera geratu da.

Bilbori dagokionez, adinekoen 2 egoitzetako profesionalen artean kasu positiboak baieztatu dira, hortaz, PCR probak egin dira. Zentroetako batean, egoitzaren baheketa egin ondoren, emaitza negatiboa izan da koronabirusean zentroko erabiltzaile guztietan. Hala ere, atzoko egunean bahetutako Bilboko beste zentro batean (129 erabiltzaile eta 44 profesional), proben emaitza positiboa izan da: 17 erabiltzaile daude zentroan, beren geletan isolatuta, eta 5 profesional.

Bizkaiko ahaldun nagusia, Unai Rementeria, Osasun sailburua den Nekane Murgarekin batzartu da arratsaldeko lehen orduetan. Bileraren bukaeran, Rementeriak ardura agerian utzi du, "egoitzak gizartearen parte dira, eta gizartean kasu positiboak agertzen diren heinean, egoitzetara ere heltzen direlako. Arduratuta gaude, klaro gaudela arduratuta". Topaketa eta gero, Eusko Jaurlaritza eta Aldundiaren arteko elkarlana are gehiago indartzean egin dute bat Murgak eta Rementeriak: "gure eskuetan dagoen guztia egiteko asmoa dugu. Ezinbestekoa da guztion erantzukizuna edukitzea, erantzuleak izan behar gara eta hau denoi dagokigu, denoi, denok elkar zaintzea".