BILBO. Osasun-krisialdia hasi zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 1,5 milioi euro eman dizkie lurraldeko enpresei. Laguntza horiek suspertze adimentsurako dirulaguntzen programaren barruan daude.

Orain arte, 120 enpresari eman zaizkie laguntzak; hau da, guztira, 3 milioi euroko inbertsioa egin da proiektu horietan. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da irekita.

Enpresa-motei dagokienez, plantilletan, batez beste, 21 kide egon ohi dira. Eta gehienak, 48 guztira, industriaren sektorekoak dira. Horrez gain, zerbitzuetako, merkataritza-sektoreko, eraikuntzako, garraioko eta ostalaritzako enpresak daude.

Laguntzen programa berri hau 5 eta 100 langile arteko enpresentzat pentsatu da, baldin eta epe laburrean merkataritza-bokazio argia duen proiektu bat badute. Zehazki:

  • Salmentak berraktibatzea, merkataritza-jarduera indartzea, nazioarteko eskaintzak hautematea eta eskuratzea, marketin digitaleko jarduerak, zerbitzuak bide digitaletatik eskaintzea.
  • Enpresak ekonomikoki berraktibatzea, enpresen merkataritza- eta ekoizpen-eraginkortasuna hobetzen duten enpresak fusionatuz edo eskuratuz.
  • Merkatu handiagoetara sartzeko lankidetza-ekintzak, merkaturatzeko ABEEak eta partzuergoak eratzea barne.

Ingurumen-eragina murrizteko, ekonomia zirkularrerako eta digitalizaziorako proiektuak gailenduko dira. Eta honako gastu hauek diruz lagunduko dira % 50ean eta 15.000 euroko mugarekin: langileen barne-gastuak, kanpo-gastuak eta ibilgetu materialean egindako inbertsioak.

INDUSTRIAL MARKETING CENTRE

Merkataritzari eta digitalizazioari dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Merkataritza Ganberak Industrial Marketing Centre abiarazi dute; ekimen berri horren helburua da Bizkaiko industriaren arloko enpresei laguntza ematea marketinaren alorrean urrats handia egiteko berrikuntzan eta digitalizazioan.

IMCk bat egingo du Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko Sailarekin, lurraldean industria-berrikuntza eta suspertze adimentsua arintzeko emaitzetan eragina izango duten zerbitzuen bitartez.