BILBO. Atzo, hilak 14, Bizkaiko Foru Aldundiak 'Zero Zabor Uretan' kanpaina aurkeztu egin zuen. Kanpaina honen helburua itsasoko zaborren arazoari buruzko kontzientzia piztea da, herritarrak zaborren prebentzioan inplikatuz. Aldundiko ingurumeneko zuzendari María Presa izan da bertan, zeinak itsasora iristen diren hondakin gehienak lurrean horien gainean egiten diren kudeaketatik datozela gogoratu duen. Halaber, sortzen ditugun hondakinen kopurua murriztu behar dugula azpimarratu du.

"Hondakinik onena sortzen ez dena da, ez dagoena. Ezin dugu ahaztu itsasoko zabor gehiena lurrean sortutakoa dela. Lurrean hondakinen gainean egiten dugun kudeaketatik eta kudeaketa-sistema horiek modu egokian erabiltzen ez dituztenen nahiz ingurumena errespetatzen ez dutenen kontzientziazio-faltatik sortzen dira hondakinok. Horrenbestez, beharrezkoa da jarrera horiek zuzentzea eta, batez ere, ekoizten dugun zaborra murriztea". Halaxe adierazi du Presak gaur Portugaleten egin duen aurkezpenean. Bertan parte hartu dute, era berean, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako zuzendari Aitor Zuluetak, Portugaleteko alkate Mikel Torresek eta Mater - Ontzi Museo Ekoaktiboko zuzendari Izaskun Suberbiolak.

Ingurumeneko zuzendariak hausnartzeko deia egin du, sortzen dugun zaborra murriztea lor dezagun. "Aukera hau aprobetxatu nahiko nuke, herritar guztiak hausnartzera gonbidatzeko. Pentsatu beharra dugu ea benetan behar dugun erosiko dugun hori, ea kartoizko edo plastikozko bilgarri horiek guztiak izan behar dituen, ea botako dugun arropa horrek bigarren erabileraren bat izan dezakeen, ea erosiko dugun horren materiala birziklagarria den... Hasierako hausnarketa hori lagungarria izango da hondakinen kopurua murrizteko, bigarren bizitza bat izan dezaketen materialak berrerabiltzeko, eta ahalik eta gehien birziklatzeko", borobildu María Presak aurkezpenaren amaiera.