BILBO. Atzo goizean, hilak 22, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko foru diputatu Miguel Ángel Gómez Viarrek Aldundiak abiaraziko duen "Bidegorritu zaitez - Bidegorrízate" kanpaina aurkeztu zuen. Ekimen honek Bizkaiko Bidegorrien Sarearen erabilera sustatzea du helburu.

"Kanpaina honen helburua lanera joateko, ikastera joateko edo egin ohi diren joan-etorrietan Bidegorrien hiriko eta hiriarteko sarearen erabilera sustatzea da, bizikleta garraiobide bakar gisa nahiz beste garraio publiko batzuekin konbinatuta erabiliz", azaldu zuen.

Covid-19aren pandemiaren aurretik aurreikusita zegoen kanpaina da, baina orain protagonismo berezia hartzen duena. Kutsadurei aurrea hartu behar zaien une hauetan, bizikleta da garraiobiderik jasangarriena, ekologikoena eta ingurumenarekiko errespetuzkoena, beste erakunde batzuen artean Osasunaren Mundu Erakundeak, Trantsizio Ekologikorako Ministerioak edo oraintsu BFA atxiki den Bizikletaren Aldeko Hirien Sareak adierazten duten bezala. Garraiobide honek, gainera, banaka mugitzeko aukera ematen digu beste erabiltzaile batzuekiko segurtasun-distantzia mantenduz.

8 kilometrotik beherako distantzian bizikletaz egiten diren joan-etorriak dira autoa edo motorra ordezkatzeko aukerarik onena, eta Bizkaiak elkarrengandik oso gertu dauden hiriguneak ditu, baita 400 kilometrotik gorako bidegorri-sarea ere. 8 km-tik gorako joan-etorrietan bizikleta garraio publiko kolektiboarekin batera erabil daiteke, hala nola autobusa, metroa, tranbia, etab.

Bizikleta garraiobide azkarra eta eraginkorra da energia-kontsumoari dagokionez, bat egiten du ingurumenaren babesarekin, ez da kutsagarria eta hirietan zarata-maila txikia sortzen du.

BESTE EKIMEN BATZUK

Kanpaina hori osatzeko, datozen hilabeteetan dirulaguntzak emango zaizkie udalei Hiri Mugikortasuneko Planak egin ditzaten, udalerriek bizikletak erabiltzea errazten lagunduko dutenak.

Halaber, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko Foru Sailak bizikleten aparkagailu seguruen erosketa proiektatzen du eta horiek estrategikoki instalatuko dira inter-mugikortasunerako egokienak diren puntuetan.

Kanpaina hau zabaltzeko offline baliabideak zein prentsa orokorra, tokikoa, irratiak, markesinak eta Bizkaibuseko autobusak erabiliko dira. Eta online publizitatea egingo da, bai idatzizko prentsan, bai sare sozialetan. Kanpainaren iraupena hamabost egunekoa da.