% 50,43an dago orain

Birziklatzeko gaikako bilketaren tasak gora egin du berriro Bizkaian

19.04.2020 | 04:00

BILBO. Birziklatzeko gaikako bilketaren tasak puntu erdi baino gehiago egin zuen gora Bizkaian iaz, eta % 50,43ra iritsi zen. Iaz, 648.164 tona hondakin bildu ziren Bizkaian, 2018an baino 1.590 tona gehiago. Edonola ere, gehikuntza hori gaikako bilketak izan duena baino nabarmen txikiagoa da, gaikakoan iaz baino 6.487 tona gehiago bildu baitira, 309.221 tonara iritsita.

Etxeetako hondakinei dagokienez, Bizkaiko etxe bakoitzak biztanleko eta eguneko kilo bat hondakinen baliokidea uzten du edukiontzietan.

Hondakin-motaren arabera aztertuta, berriro ere nabarmena da errefusak izan duen beherakada: 2018an 352.729 tona bildu ziren, eta iaz, berriz, 346.942 tona. Behera egite horrek berretsi egiten du frakzio horrek azken zazpi urteetan izan duen beheranzko joera, eta erakusten du herritarrek gero eta gehiago bereizten dituztela beren hondakinak.

Egitate hori birziklatzeko gaikako bilketaren tasaren hazkunde progresiboak abalatzen du, zeinak hondakin-mota bakoitzaren gaikako bilketak gora egitea baitakar. Gehien hazi den eta bilketa-bolumen handiena duen frakzioa papera-kartoiarena da: guztira, 95.962 tona (2018an baino 5.724 tona gehiago). Bildutako kopurua kontuan hartuta, hurrenkeran hurrengoak dira beira (27.326 tona; aurreko urtean baino 842 tona gehiago) eta ontzi arinak (1.348 tona gehiago; guztira, 19.448 tona).

Organikoaren bilketak gora egin du ere 2019an; 12.992 tona bildu dira, eta % 2,12ko tasara iritsi da. 2018an, berriz, % 1,77koa izan zen tasa. Gehikuntza hori Bizkaiko Foru Aldundiaren lehentasunetako bat izan da eta da, eta, horregatik, ahalegin berezia egiten du helburu hori lortzeko, bosgarren edukiontzia ezartzeko eta beste ekimen batzuk sustatzeko laguntzen bidez. Horren adibide bat da gai organikoen bilketan haragi eta arrain hondakinak (gordinik zein kozinatuta) sartzeko proba pilotua.

BIZKAIREZIKLA

Birziklatzeko orduan sarrien agertzen den arazoetako bat da jakitea zein edukiontzitan utzi behar den hondakin mota bakoitza. Arazo hori Bizkairezikla tresna digitala erabilita konpondu ahal da. Garbiker foru-sozietate publikoaren web-orrian dago, eta, haren bidez, 6.000 hondakin baino gehiago jasotzen dituen katalogoko hondakin bakoitza zein edukiontzitan utzi behar den kontsultatu ahal da. Hondakin horiek 19 kategoriatan sailkatuta daude: elikadura; haurtxoak; brikolajea; elektronika eta etxetresna elektrikoak; ontziak; higienea; argiteria; informatika eta telefonia; jolasak, jostailuak eta kirolak; eskolako eta bulegoko materiala; botikak; etxeko gauzak; altzariak; ibilgailuak; etxeko obrak; pilak eta bateriak; ehunak eta osagarriak; garbiketa, eta beste batzuk.

noticias de deia