BILBO. Koronabirusak osasun-krisialdi handia eragin du, bizitzaren sektore guztiei kalte egin diona. Egunero horri buruzko mota guztietako milaka informazio argitaratzen dira, horietako asko faltsuak direnak. Horregatik, Bizkaiko Foru Aldundiak BizkaiUP izeneko aplikazio mugikorra abiarazi du. Bertan, koronabirusak sortu duen krisiak ekonomian, zerbitzuetan eta pertsona eta enpresa guztietan izaten duen eraginari buruzko informazioa argitaratuko da.

Abisu berriak jakinarazteaz gainera, aplikazioaren hasierako bertsio honen bidez, erakundeak argitaratutako berri, informazio eta eduki guztiak kontsultatu ahal izango dira, eta grafikoki ikusi ahal izango dira mapa batean une hauetako puntu interesgarri nabarmenenak, hala nola, kontsulta egiten duen pertsona dagoen lekutik hurbil dauden farmaziak eta supermerkatuak.

BizkaiUP erabiltzeko ez da erregistratu behar, ezta informazio pertsonalik eman behar ere.

Telefono adimendunetan gehien erabiltzen diren sistema eragileetako -Android eta iOs- dendetatik sartu ahal da aplikaziora. Horretarako, nahikoa izango da denda birtualean sartzea; BizkaiUP Bizkaiko Foru Aldundiaren mugikorretarako aplikazioa lokalizatu, eta doan deskargatzea.

BizkaiUP irauteko sortu da, eta helburua da herritarren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko beste topagune bat izatea. Hala, COVID-19ari eta lurraldean dituen ondorioei buruzko informazio garrantzitsu eta nabarmenenari, intereseko zerbitzu eta eduki berriak gehituko zaizkio Android eta iOS sistemen dendetan argitaratuko diren bertsio berrietan. Bertsio horiek eskuratzeko, herritarrek aplikazioa eguneratu beharko dute beren gailuetan.