BILBO. Bizkaiko hainbat udalerrietako markesinetan desinfektatze eta garbiketa-lanak egin ditu jada Bizkaibusek. Barakaldo, Basauri, Bilbo, Galdakao, Ortuella, Portugalete, Santurtzi eta Zornotzakoak dira, besteak beste, jada desinfektatu dituztenak, biztanle gehien dituzten hiri-eremuei eman baitzaie lehentasuna.

Halaber, espedizio bakoitzaren ondoren eta zerbitzuaren buru nagusietan indartu egin dira autobus guztietako garbiketa- eta desinfekzio-lanak: Bilbon, Geltoki Intermodalean, Moyua plazan, Abando plazan eta Bailen kalean; baita ere Getxoko Andra Marin, Gurutzetako Ospitalean, Galdakaoko Ospitalean, Mungian (Palado) eta Loiuko

aireportuan.

Lekuz errez alda daitezkeen komunak jarri dira, gidariek erabiltzeko, beste aukerarik aurkitu ezin izan den linea-buruetan. Zehazki, Balmasedan, Galdamesen eta Galdakaon.

Bizkaibusek lanean jarraitzen du osasun-alerta egoera honetan ere zerbitzua behar duten funtsezko kolektiboei garraio publikoa bermatzeko, aldi berean erabiltzaileen eta langileen segurtasuna zainduz.

ZERBITZU GEHIAGO OSASUN ZENTROETARA JOATEKO

Osasun arloko langileek hainbat eskaera egin dituzte lan-zentroetarako sarrera- eta irteera-orduak eta txanda aldatzeko ordutegiak direla-eta; bada, eskaera horiei erantzuteko, Bizkaibusek, gaurtik aurrera (larunbata, hilak 28), linea batzuen maiztasunak areagotuko ditu Bizkaiko herri batzuetatik zenbait osasun-zentrotara joateko, esaterako, Gurutzetako ospitalera, San Eloy ospitalera edo Galdakaoko ospitalera.

Zehatzago, 12 lineatan jarriko dira zerbitzu gehiago osasun-arloko profesionalen mugikortasuna bermatzeko, kolektibo horren eginkizuna funtsezkoa baita gaur egungo alerta sanitarioan.

Adibidez, A0654 BALMASEDA - Gurutzeta/Cruces linean, ospitaletik itzultzeko beste irteera-ordu bat gehitzen da 15:20an; A3522 MUNGIA -DERIO - Gurutzeta/Cruces linean, berriz, beste bi irteera-ordu gehitzen dira Mungiatik eta Gurutzetatik, 14:20an eta 15:15ean, hurrenez hurren.

Edonola ere, ordutegi eta maiztasun berriak www.bizkaia.eus/bizkaibus web orrian kontsulta daitezke dagoeneko.

Era berean, edozein zalantza edo argibidetarako, 946 125 555 doako informazio-telefonoa edo Bizkaibusen Facebook eta Twitter-eko profil ofizialak erabil daitezke.