Alberto Sololuze eta Joaquin Beltranen gorpuak aurkitu arte Eusko Jaurlaritzak bilaketa ez dela etengo berretsi zuen horretan, astebururako aurreikusten diren urratsak aurreratu zituen atzo, Ermuko Izarra eraikinean egindako bileran. Iñigo Urkullu lehendakaria eta Beltrán de Heredia sailburua desagertutakoen familiekin ba-tzartu ziren atzo.

Gauzak horrela, B1.3 eremurako sarbide segurua aurreratuta dagoela aprobetxatuz, bi langileen bilaketa mugatutako espazio bat arakatu eta bahetzeko lanei ekiteko aukera izango dute. Zeregin horiek, otsailaren 6ko luiziaren ondorioz zabortegian sortutako bi hegalak banatzen dituen muinora sartzeko pista aurreikusi baino lehenago amaitu zelako aurreratu dira. Halaber, B1.3 eremura sartzeko pistak, hurrengo asteetan Eitzaga auzotik obretako kamioien joan-etorria murrizten joateko lagungarriak izango dira.

B4 eremuari dagokionez, miaketa eta baheketa lanek bere horretan jarraituko dute asteburu honetan. Artikulu honetan erantsitako taulan ikus daitekeen moduan, beste inondik baino material gehiago atera eta bahetu da bertatik, 10.600 tona orotara, guztizkoaren %79,6. Asteburuan zehar, 2 ekipo egongo dira bertan gorpuen bilaketarako, baserri-eremuan. Horietako batek bilaketa arrastelua izango du, 3 ardatzetako bi dumper, volvo bat eta atzerako hondeamakina bat.

Gainontzeko materialari dagokionez, hurrengo hierarkia dago: 2.112,5 tona kanporatu eta bahetu dira B2 eremutik, 425 B1etik eta 187,5 B2/B3tik.

Hartara, B2 zonaldean, talde bat egongo da bilaketa lanetan eta lixibiatuen kutxatila estalgabetzen. Amaitutakoan, B2/B3 eremua garbitzeko intentzioa dute.

airearen kalitatea Dioxina- eta furano-mailen azken analisiek normaltasuna egiaztatu dute Verter Recycling zabortegiaren inguruneko airearen kalitatean. Emaitzak otsailaren 22tik 26ra bitartekoak dira, eta hil bereko 9tik 21era lortutako sekuentzia osatzen dute.

Zabortegian sutea itzaltzeko lanak hasi zirenetik, emaitzek jadanik beheranzko joera erakutsi zuten Osasun Sailaren arabera. Izan ere, sua itzali ostean, dioxina- eta furano-mailak nabarmen murriztu ziren; azken datuetan berretsi denez, murrizketa hori finkatuta dago.

Esaterako, Verter Reycling-en azpian dagoen Ermuko San Lorenzo auzoan, otsailaren 15ean metro kubiko bakoitzeko 1.237 fentogramo antzeman ziren. 11 egun beranduago, otsailaren 26an, m³ bakoi-tzeko, 16 fg-ra jaitsi zen kopurua leku berdinean. Gainera, data horretan bertan 13 fentogramo neurtu ziren Ermuko Udalean m³ bakoitzeko. Aurreko bi egunetan, otsailaren 24 eta 25ean hain zuzen ere, 20 fentogramo/ m³ erregistratu ziren Eibarko Udalean. Zaldibarko Eitzaga auzoan, antzeko kantitatea erregistratu zen, hots, 27 fentogramo/m³, jada itzalita zegoen zabortegiko sutearekin.