Apustu-etxeen hazkundea geldiarazteko legeak oniritzia jaso du

07.02.2020 | 06:21
Apustuetako lokal bat.

EH Bildu, E. Podemos eta PPk babestu dute, eta EAJ eta PSE-EE abstenitu dira

bilbo - Eusko Legebiltzarrak apustu-etxeen hazkundea geldiaraztea, publizitatea mugatzea eta jokoaren gaineko kontrolak areagotzeko Elkarrekin Podemosek proposatutako legea tramitatzeari oniritzia eman dio. Erakundeak 2019ko abendutik egin duen aurreneko osoko bilkuran hartu zen erabakia, EH Bildu, PP, eta Elkarrekin Podemos beraen babesarekin, eta, EAJ eta PSE-EEren abstentzioekin (ez zuten baietza eman dagoeneko indarrean dagoen legearekin eskatutako alderdiak estaltzen direla uste dutelako). Nolanahi ere, litekeena da lege-proposamen hau legegintzaldi honetan bertan behera uztea eta ez onartzea. Izan ere, Iñigo Urkulluk hauteskunde autonomikoak aurreratzekotan, Ganbera desegingo litzateke, modu honetan legea onartzeko aukerari ateak itxiz. Ez aurreratzekotan eta udazkenean egingo balira ere, ez litzataeke lege batek eskatzen dituen eztabaida eta zuzenketen tramiteak osatzeko nahikoa denborarik egongo.

"Gutxienez 500 metroko distantzia egon behar da ikastetxeen eta kirol apustuetako lokal zein joko aretoen artean. 1991ko legea zaharkituta geratu da, eta kirol apustuen fenomenoak adingabe eta gazteei eragiten die bereziki EAEn", gogoratu du Edurne Garcia Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak. Distantziarena ez da koalizio moreak egindako proposamen bakarra: alkohol eta tabakoaren publizitatearekin egin bezala, argitaratuko diren edukien gaineko erregulazioa bilatzen du, edo berdina dena, apustu- eta joko-etxeen inguruko publizitatea komunikabide eta espazio publikoetatik ezabatzea. Halaber, E. Podemosek horrelako lokaletan ordutegi mugatuago ezartzeko eskaera egin zuen, eta taberna edo jatetxe guztietan dauden makinetarako sarbideak zorroztasun gehiagoz tratatzea gustatuko litzaioke. Aipatutakoez gainera, jokoaren gaineko zerga %10 igotzeko proposamena dago, ausazko jokoarekiko mendekotasuna prebenitu eta tratatu ahal izateko funtsa bat sortzeko jomugarekin.

Gauzak horrela, agerikoa da alderdien kezka egoera honen aurrean; are gehiago, Euskadiko datuak kontuan hartuta: EAEko herritarren %26, hots, 436,906 lagun, jokalari aktiboak dira jada. Osoko bilkuran, aldaketak buru-tzearen alde agertu diren taldeen artean, jokoa "menpekotasuna" dela ohartarazi zuen Eba Blanco EH Bilduko legebiltzarkideak: "Mendekotasuna, tolerantzia eta abstinentzia-sindromea daude". Legeak 1991tik aldaketarik izan ez duen aldetik, Blancorentzat egungo "joko-formak" eta "adikzio berriak" ez dira aintzatesten. PPtik, Javier Ruiz de Arbulok legedia eguneratzeko eta apustu etxeen neurrigabeko publizitatea arautzeko neurrien beharra aldarrikatu zuen. Alabaina, EAJko eta PSE-EEko legebiltzarkideak (Joseba Zorrila eta Txarli Prieto) ez ziren guztiz bat etorri EH Bildu, PP eta Elkarrekin Podemosen bertsioekin, azken honek planteatzen dituen aldaketak eta hainbat gairen inguruko erregulazioa 2016ko jokoari buruzko araudiak jartzen duelako euren ikuspuntutik, hala nola, apustu-etxeen mugak edo publizitate-murrizketak.

Azkenik, begirada Espainiara zabalduz gero, jendeak gehienbat apustuetan parte hartzen du (1.142.487 jokalari). Hori bai, erabiltzaile hazkunderik handiena izan dutenak kasinoak izan dira (%21,28ko hazkundea, 574.862 jokalari aktiborekin). Hauen atzean, hirugarren postuan pokerra dago. Azken honek %7ko hazkundea izan du eta 360.658 erabiltzaile aktibo ditu.

ESPAINIAKO DATUAK