BILBO. Bisitariek bikain notarekin kalifikatzen dituzte Bizkaiko upeltegietan txakolina dastatu eta ezagutzeko esperientzia enoturistikoak. Standa, Eusko Jaurlaritzarekin partekatuta dagoena, txakolinari eta euskal esentzia duten produktuei zuzenduta dago. Azoka urtarrilaren 22tik 26ra ospatuko da.

Erakusmahaian arreta jartzeaz, aholkularitzaz eta hitzordu profesionalez gain, bi erakundeek merkataritzaren eta marketinaren arloko ekintzak antolatu dituzte sektoreko profesionalen artean proposamen eta plan turistiko berriak ezagutarazteko, bai eta FITUReko bisitarien artean duten erakargarritasuna aztertzeko ere.

Edizio honetan, Bilbao Bizkaiak txakolinari eta euskal produktuen erosketei buruzko bi katalogo berri aurkezten ditu. Argitalpen zaindu horien bidez bi erakundeek turistak erakartzeko garatzen duten politika indartu nahi da, eta turismo-eskaintza arduratsua eta nortasun propioa duena bistaratu.

TXAKOLINA, TURISTEK EZAGUTZEN ETA ESTIMATZEN DUTEN ARDOA

Katalogoak hala produktua nola landa-mundua eta enoturismoa balioesten ditu, eta Bizkaiko Txakolina JDrekin batera egindako lanaren emaitza da. Munduko erreferente gisa kokatuta dagoen euskal gastronomiak eragiten duen turismo-eskari handiaren osagarri ezin hobea da. Ildo horretatik, Bizkaiko Turismoaren Behatokiak 2.000 bisitari baino gehiagori inkesta bat egin zien iaz Bizkaiko eskualde guztietan, txakolinari buruzko balorazioaren eta ezagutzaren berri edukitzeko eta Bilbao Bizkaiaren proposamen enoturistikoak garatzeko.

Inkestan parte hartu zutenek aitortu zuten ardo zuria dela, kalitate enologikoa duena, eta euskal gastronomiaren berezko ezaugarria dela. % 56,9k ezagutzen zuen Bizkaiko Txakolina. Gogobetetzea ere funtsezko zutabea izan da produktu hau martxan jartzeko. Bizkaiko enoturismoaren esperientziaz 2019an gozatu duten pertsonek 10etik 9,20ko balorazioa eman diote lurraldeko upategietara egindako bisiten kalitateari.

Aldizkari berriak produktu enologiko honen historia eta lanketa errepasatzen ditu, lurraldeko esperientzia enoturistiko guztiak deskubritzen ditu eta ardo honetaz Bilboko ostalaritzan eta jatetxeetan gozatzera gonbidatzen du. Horrez gain, zentro espezializatuetara bisitak, produktu horri lotutako jaietako agenda bat eta txakolinaren bidez Bizkaia ezagutzeko bost ibilbide proposatzen ditu: Enkarterri, Durangaldea, Nerbioi, Erdialdeko Kostaldea eta Ekialdeko Kostaldea.

EROSKETA BENETAN BAKARRAK

Bizkaiko Turismoaren Behatokiaren datuen arabera, Bilbao Bizkaia bisitatzen duten pertsonen % 12,39k erosketak egiteko erabiltzen du, eta batez besteko gastua 93,50 eurokoa da. Kopuru hori turistaren jatorriaren araberakoa da. Estatuko bisitariak, batez beste, 69,70 euro gastatzen ditu egonaldian; atzerriko turisten kasuan, berriz, 130,80 euro.

Argitalpen berria, “Shopping. Erosketa benetan bakarrak" euskal produktuak erosteko gonbidapena da, produktu originalak, bakarrak, tradizioei, gastronomiari eta kulturari lotutakoak, edo Bilbo hiriko eta Bizkaiko lurraldeko sormenaren sektoreko profesionalek egindakoak. Turismoa sustatzeko aldizkari honek "shoppingaren” arloko argitalpenen ohiko ikuspegia zabaltzen du, turismoaren hamahiru ikonoren inguruan kokatuta dauden 160 saltokitan sormenezko erosketak esperimentatzeko proposatuz.

Zehatzago esanda, Guggenheim Bilbao Museoa, Zazpikaleak, Azkuna Zentroa, Kale Nagusia, San Mames, Bizkaia Zubia, Gaztelugatxeko San Joan, Urdaibai, Santa Katalinako itsasargia, Uribeko Flyscha, Pozalaguako kobazuloa, Gorbeia/Nerbioi ur-jauzia eta Urkiola. Saltoki guztiak Bilbao Bizkaia Card turismo txartelari atxikita daude.