aSTEBURU bikaina bizi izan dute Mungiako biztanleek. San Antontxu jaietako alaitasuna herriko kaleetako jaun eta jabe izan da eta, horrenbestez, jendeak zapatu eta domeka bikaina bizitzeko aukera izan du. Asteburu osoan zehar, Mungialdeko produktuak izan dira protagonista nagusiak; txerrikiak, esnekiak, barazkiak, frutak, artisautza objektu apaingarriak eta bestelako aldagai ugari. Erenguneko ajea igarotzeko aukera bikaina izan zuten atzo mungiarrek. Lapikoko Egunaren hamargarren edizioa jendez gainezka izan zen; guztira 64 izan zuten parte hartu zuten koadrila eta familiak. Jardunaldiko antolakuntza, hau da, Mungialdeko Ehiza, Arrantza eta Tiro Elkartea, oso pozik azaldu zen atzoko indaba txapelketak izan zuen partaidetzarekin: "Pasasen urtean baino jende gehiago animatu da. Gainera, zorionez, oso eguraldi ona izan dugu eta honek giroa hobea izatea eragin du".

Talde partaideei dagokienez, ohikoa izan zen Foruen Plazan eta Matxin Plazan goiz osoan dejar egon zen irudia. Hamaiketakoak protagonismo oso handia izan zuen, izan ere, partaideetako batel adierazi zuen bezala "ezinbestekoa da sabela beteta izatea ganorazko indaba lapiko bat sukaldatu ahal izateko". Betikolez, kuxkuxeroek ere euren presentzia izan zuten. Pertsona mota honen funtzioa gainerako lapikoak erreparatu eta hauen inguruko iruzkin negatiboak egitea da, dena euren aditu esperientziaren ikuspuntutik. Bestalde sukaldaritza buruak funtzio banaketa egin zuten eta, ohikoa den bezala, sutondoko materialarekin traketsenak barazkiak mozten igaro zuten goiz osoa. Denbora aurrera zihoan einean, eguerdia hurbiltzen joan zen eta txapelketako partaideen presak igertzen hasi ziren. Galtzagorri Kultur Elkarteko kideak bertan izan ziren, aurreko urtean irabazitako garaikurra berresteko asmotan: "Gastronomia lehiaketaren bat dagoenean Mungiatik gertu bertan gaude gu. Makailua, indabak, sukalkia eta denetariko sukaldaritza ekitaldietan egoten gara. Gainera, oso emaitza onak izaten ditugu. Pasaden urtean Lapikoko Eguneko txapeldun izan ginen eta beste hainbat txapela ditugu gure lokalean. Hala ere, argi daukagu, lehiakortasuna alde batera utzita, gure helburua egun bikain bat igarotzea dela herriko jendearekin batera".

Behin lapiko guztiak bukatuta, Andra Mari Gunean elkartu ziren indaba guztiak eta, bertan, Makilaren Kofradiako eta Mungialdeko Ehiza, Arrantza eta Tiro Elkarteko kideak izan ziren euren zaporea dastatu zutena, ostean onenak zeintzuk izan ziren erabakitzeko. Sariei dagokionez, hiru lapiko onenentzako Mungiako denda eta ostalaritza establezimenduetan gastatzeko txartelak eman zituen antolakuntzak, txapelak eta lapiko garaikurraz gain. Gainera, kalitatezko tokiko produktuz jositako otzara ugari banatu ziren, txerrikiak eta txakolinaren presentzia nabarmenarekin. Aurtengoan, bestalde, Udalak bidezko merkataritzaren bitartez sortutako lehengaiak zozketatzea proposatu zion antolakuntzari eta, gainera, herriko bi supermerkatu handiek beste bi otzara eman zituen, beraz, argi dago jende asko eskuak beteta heldu zela beren etxeetara.

Nahiz eta eguneko protagonismo nagusia gastronomiaren munduak izan zuen, atzokoan beste hainbat ekintza egon ziren goizean zehar. Kirolak bere lekukotza izan zuen, izan ere, Euskal Herri mailako ingude-altxaketaren txapelketa mistoa ospatu zen Neurketa Kaleko probalekuan. Bertan, probintza desberdinetako kirolariek euren maila onena eman zuten txapela eskuratu ahal izateko. Jarraian animalien txanda heldu zen, Birle Herri Kirol Alkarteak antolatutako idi-proben San Antontxu sariaren eskutik. Euskal kulturaren maitaleentzako ere ekintza berezia izan zen Andra Mari Gunean Taket Mungiako Bertsolaritz Eskolari esker. Elkarteak Oihana Bartra, Fredi Paia, Oihana Iguaran eta Jone Larrinaga bildu zituen oholtza gainean bertso-saio aparta antolatzeko. Egun osoan zehar egon ziren ekin-tza eta giroa kontuan izanik, argi dago atzoko eguna asteburu bikain bateko itxiera bikaina izan zela. Orain datorren urtera arte itxarotera.