BILBO. BBK Open Science 2020k zientzia ireki eta parte-hartzailerako bere programazioa zabaldu eta indartu du, urte osoan egingo diren eta asteburu honetan bertan hasiko diren dozenaka ekitaldi eta jarduerarekin. Gure amaldeko arbasoak identifikatzea, edizio genetikoko teknikak erabiltzea, landareen nerbio-sistema aztertzea, joko biotikoetan hastea, 'cyborg' esku bat sortzea edo krustazeo txiki-txikien bihotzaren taupadak monitorizatzea dira, besteak beste, jarduera zirraragarrietako batzuk, eta jendeak horietan parte hartzeko aukera izango du.

Ekitaldi nagusia BBK Open Science Fest-a izango da; maiatzaren 13tik 17ra egingo da, hiru egoitzatan: BBK Aretoan, Bilbao BBK Talent Sarrikon eta Bilborock-en. BBK-k eta BIOOKek ?irabazi asmorik gabeko elkartea, eta zientzia transdiziplinarraren inguruko ekitaldi handi honen antolatzailea?, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren laguntzarekin, "komunitatea sortu" gura dute esperimentazio zientifikoaren inguruan. Ricardo Mutuberriak, BIOOKeko zuzendariak, azaldu duenez, "ekosistemak sortzen ari gara, eta hor sartzen dira, besteak beste, laborategi komunitarioak, zientzia praktikoaren programazio ona eta proiektuetan parte hartu, garatu eta proiektuak proposatzen dituen eta ekimen honi etekina atera diezaiokeen pertsona-komunitatea".

Nora Sarasola BBK-ko Gizarte Ekintzako zuzendariaren iritziz, “gizarte ireki, heldu eta aurreiritzi bakoaren aurrerapena lortzeko ez dira soilik neurri politikoak behar, baita zientzia eta bizitzari buruzko oinarrizko ezaupideak pertsona guztiei ematea ere, modu pedagogiko, dibertigarri eta dibulgatzailean”.

BIOOK erakundea arduratzen da Bizkaian Do It Yourself Biology (DIYbio) nazioarteko mugimendua sustatzeaz. Korronte global honen bidez, Biologiaren eta zientziaren praktika erraztu gura da beste diziplina batzuekiko, ikertzaile profesionalen tresnak eta metodologia erabiliz.

BBK Open Science-ek hainbat gai-multzo programatu ditu 2020rako, ikaskuntza eta dibertsioa bateratzen dituztenak, betiere parte-hartzaileak protagonista nagusi direla: Joko Biotikoen Estazioa, Herritarren Mikroskopia Estazioa, Genetika Irekiko Estazioa, DIY Neurozientzia Estazioa eta “komunitatea sortzeko” Jardunaldi Irekiak hilero. Ezinbestekoa da aldez aurretik sarrerak lortzea webgune honen bidez: www.bbkopenscience.com.

BBK Open Science Fest

‘BBK Open Science 2020’ programazioaren ekitaldi nagusia da, eta maiatzaren 13tik 17ra egingo du bigarren edizioa; aurten bere ekintza-erradioa handitu egingo du, ohiko lekuari (Bilborock) beste bi egoitza gehituta: BBK Sala eta Bilbao BBK Talent Sarriko.

Jaialdiaren bidez, zientzia komunitatean praktikatu ahal izango da, eta bere jolas- eta jai-formatuaz gain, herritarren zientzia eta kulturgintzaren erakusgarri izango da. BBK Open Science Fest-ek zientzialari amateurrentzat, ikasle eta hezitzaileentzat, sortzaile, ekintzaile eta profesionalentzat, gazte, heldu eta familientzat antolatutako jardunaldiak programatuko ditu. Hainbat gai-arlotan banatuta dago ekitaldia: bioteknologia, genetika, neurozientzia, mikrobiologia, biofabrikazioa, bioproduktuak, bioartea, osasuna eta ingurumen-zientziak. Zinemaldiko sarrera, jarduerak eta tailerrak oso merke izango dira. Aldez aurretik erosi behar dira webgune honetan: www.bbkopenscience.com.

Joko Biotikoen estazioa

Datorren asteburuan (urtarrilaren 17, 18 eta 19an), Joko Biotikoei buruzko doako tailerrak eta jarduerak egingo dira Azkuna Zentroko ‘Open Codes. We are data' erakusketaren programazioaren barruan. Organismo mikroskopikoak erabiltzen dituzten bideojoko hauei buruzko sarrera labur baten ostean, parte-hartzaileek (8 urtetik gorakoak) gailu bat diseinatu eta egin ahal izango dute honako hauez osatua: mikroskopio digitala, led batzuk kontrolatzen dituen joysticka eta argiaren intentsitateari erantzunez mugitzen diren Euglena izeneko mikroorganismoak dituen egitura. Gailuaren mikroskopio digitalari esker, organismoak ordenagailu baten pantailan ikus daitezke, lehendik dagoen edo sortu berria den joko batekin. Honela, mikroorganismo hauek bihurtzen dira ekintza bakoitzaren protagonista.

Euglena gracilis da bideo-joko hauetako ‘heroia’: organismo zelulabakar honek bi flagelo ditu mugitzeko, kloroplastoak fotosintesia egiteko eta pigmentu fotorrezeptorea (begi primitiboa) estigma izenekoa. Horregatik erantzuten dio argiari.

Herritarren Mikroskopia Estazioa

Mikroskopia-tailerrak Bilbao BBK Talent Sarrikon egingo dira otsailean, eta bizitza mikroskopikoa behatzeko eta esperimentatzeko izango dira. Laser bidezko, digital, smartphonetarako eta origami mikroskopioak fabrikatzeko tailerrak emango dira. Mikroskopia-estazioa ikastetxe, artista eta sortzaile, unibertsitate-ikasle eta mikrobiologian interesa duen edonorentzat da.

Beste gai batzuen artean, parte-hartzaileek tipularen sustraiko mitosia analizatu eta esperimentatu ahal izango dute, krustazeo ñimiño batzuen (ur-arkakusoen) anatomia eta portaera behatu eta bihotzaren taupadak monitorizatu, mota guztietako laginak behatu eta argazkiak atera, uretako bizitza mikroskopikoa aztertu edo goroldioan bizi diren ur-hartzak bezalako organismo liluragarriak ezagutu.

Genetika Irekiko estazioa

Genomaren informazioa aztertzeko eta aldatzeko laborategi profesionaletan erabiltzen diren tresna batzuk modu praktikoan ezagutaraztea da BIOOKek apirilean antolatuko dituen tailerren helburua. Herritarrek genetikarekin lotutako teknikak eta praktikak ezagutzea eta inplikatzen duenari buruzko iritzi kritikoa osatzea da helburua.

Beste jarduera interesgarri batzuen artean, parte-hartzaileek beren amaldeko arbasoak identifikatu eta bakterioen genoma editatuko dute CRISPR/Cas9 teknologiaren bidez. Biologia sintetikoa eta Bioartea ere landuko dituzte; horretarako, Petri plaken gainean bakterioak erabiliz margotuko dute eta elikagai transgenikoen detektagailu propioak sortuko dituzte.

DIY Neurozientzia Estazioa

DIY neurozientziak kostu txikiko gailuak eraikitzeko aukera ematen du, konplexutasun-maila askotan praktika dezaten era guztietako parte-hartzaileek. Gure muskuluek sortzen dituzten bulkada elektrikoak neurtu eta ikusi ahal izango dituzte parte-hartzaileek, baita beste pertsona baten mugimenduak kontrolatu, landare haragijaleen nerbio-sistemak zelan funtzionatzen duen ikasi eta ikusmen- edo entzumen-estimuluaren aurrean erreakzionatzeko pertsona batek zenbat denbora behar duen egiaztatu ere.

Telefono mugikor batean gure neurona-jarduera ikusi eta entzutea eta 'cyborg' esku bat sortzea dira proposatutako beste jarduera bitxietako batzuk. Bizitza, gure ingurunea eta geure burua beste ikuspegi batetik ezagutzeko aukera da, modu esperimental, praktiko, atsegin eta errazean.

Jardunaldi Irekiak

BIOOKek saio bat antolatuko du hilero, bere burua ezagutzera emateko, komunitatea sortzeko, herritarren ideiak, proiektuak eta gurariak batzeko eta zientzia praktikatzeko. Jardunaldi hauek honela antolatuko dira: BIOOKi, DIY mugimenduari eta BBK Open Science programazioari buruzko sarrera labur baten ostean, gai bati buruz berba egingo da, eta horiekin erlazionatutako laborategi-praktikaren bat ere egingo da. Azkenik, herritarren proposamenak entzungo dira, abian jartzeko bideragarriak ote diren ebaluatuko da, baita horiek gauzatzeko komunitatearen interesa ere.