BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 20 milioi euro inguru erabiliko ditu 2020. urtean lurraldeko udal-titulartasuneko 15 egoitzatan, guztira, itundutako 578 leku finantzatzeko; hain zuzen ere, aitortutako II. eta III. graduko mendekotasuna duten adinekoei arreta emateko izango da.

Bigarren eta hirugarren graduko mendekotasuna duten adinekoak dituzten udal-titulartasuneko 15 egoitzetara 19,8 milioi euro bideratuko ditu 2020an Bizkaiko Foru Aldundiak. Egoitza horiek

Gobernu Kontseiluak onetsi ditu hitzarmenak, eta honako hauekin sinatu dira: Arratiako Mankomunitatea eta Basauri, Bermeo, Dima, Erandio, Forua, Getxo, Ondarroa, Orozko, Otxandio, Santurtzi, Urduña, Zalla, Zeberio eta Sestaoko udalak, adinekoentzako udal-egoitzazko zentroen titularrak direnak. Itundutako zentroak mantentzeko inbertsioa, guztira, 19.796.179 eurokoa izango da.

Hitzarmen horiek Bizkaiko Foru Aldundiak eta EUDELek 2017ko apirilean sinatutako lankidetzarako esparru-akordioaren barnean sartzen dira, non udal-titulartasuneko zentro guztien eta foru-erakundearen arteko harremanak arautu diren. Esparru-akordio hori 2020ko ekitaldira arte luzatuko da.

Hitzarmen horiei esker, esparru-akordioaren baitan, udalen eta mankomunitateen lehentasunari erantzun ahal izan zaio, eta zentro horietako erabiltzaileei kalitate oneko zerbitzuak eta arreta hobea eskaintzen jarraitu. Gainera, Zorroari buruzko Dekretuaren garapenarekiko eta Bizkaiko lurraldeko prestazioen eta gizarte-zerbitzuen mapa zabaltzearekiko koherentea den metodologia baten bitartez egin da. Bestalde, II. edo III. graduko mendekotasun-egoeretan bizi diren pertsonei aukera eman die udal-titulartasuneko egoitzazko zentroetan geratzeko, hala nahi izanez gero, eta foru-finantzaketaren bitartez. Horrela, bermatuta egongo da erabiltzaileek mendekotasun-egoeretan arreta zein zentrotan jaso nahi duten aukeratzeko askatasuna.