Euskal Herrian jaio eta euskarari bizkarra emanda bizitzea erabaki duten milaka biztanleren artean, goraipatzekoa da bere sorterrian euskararen berri ez zuten euskaldunberriek egin duten lana hona heldutakoan. Euskadin euskara ikasten ari diren 35.000 ikasleen %20a Bizkaiko hiriburuko euskaltegietan dabil. Horien artean, beste autonomia erkidegoetako ikasle asko daude, baina baita nork-nori-nor menperatzea lortu duten atzerritar mordoa ere. Haien esanetan, euskara zaila den ustea mito bat baino ez da. Benetan nekeza dena euskaraz mintzatzeko esparruak aurkitzea baita, batez ere Bilbo bezalako hiri baten. Horregatik, haien ezagutza zabaltzeko oasi bat aurkitzen dute euskaltegian, euskaraz bizitzeko lagunak berriak egiteko txokorik aproposena. Gaur ospatzen den Euskararen Eguna atzerrian jaio diren euskaldunen eguna ere bada. Hona hemen Ulibarri Euskaltegiko hiru protagonista.

Karla Alejandra López - Mexiko

“Denbora galtze bat da titulu bat bakarrik lortzeko ikastea euskara”, dio uste osoz Karla Alejandra López mexikarrak. Maitasunagatik utzi zuen bere sorterria duela lau urte, egun bere senarra den galdakoztarra Cancunen ezagutu ostean. “Bederatzi hilabete daramatzat euskara ikasten”, adierazten du langabezian dagoen kazetari honek. “Hasieran, euskara ikasten hasi nintzenean, nire helburua lanpostu hobeak lortzea zen. Orain asmoa nire senarrarekin hitz egitea da, eta, etorkizunean, nire seme-alabekin”, azaltzen du. “Euskara ikastea garrantzitsua da integra-tzeko. Zuek zuen hizkuntza maite duzue eta lagunak lortzeko ikasi nahi nuela erabaki nuen”, dio Mexiko Hirian jaiotako euskaldunberriak, zeinak hainbat lagun egin dituen euskaltegian. “Harritu egiten dira nire ikaskideak, hiru urte darama-tzate euskara ikasten eta haiek baino maila hobea dudala esaten didate”, onartzen du.

Bere senarra ezagutu baino lehen Karla Alejandrak ez zekien Euskal Herrian beste hizkuntza bat zegoenik. “Etorri bezain laster hasi nin-tzen entzuten, egia da hasieran ez zi-tzaidala batere gustatu. Orain disfrutatu egiten dut, eta polita da poliki-poliki ia dena ulertzea”, adierazten du 31 urteko mexikar honek. Hala ere zailtasunik handiena euskaraz bizi-tzeko testuinguruak aurkitzea dela uste dut. “Ingelesa ikasi nahi baduzu Londresera joan eta nahitaez ikasiko duzu. Hemen zailagoa da, jendeak gaztelaniara jotzen duelako. Ez dakit zergatik”, adierazten du. Baina tinko eutsiko dio bere mugak gainditzeari: “Oraindik oso urduri jartzen naiz euskaraz hitz egin behar dudanean, arazorik handiena hitz egitea da. Badakit lotsa kendu behar dudala”.

David Fogarty - Irlanda

“Hanka sartzea ezinbesteko da ikas prozesuan”, gaineratzen du David Fogartyk euskara gehiago zergatik ez den entzuten galdetzen zaionean. “Hemengo jendeak bikaina izan nahi du eta askok ez dute hitz egiten beldurragatik. Malguagoa izan behar da hizkuntzekin”, iritzen du. Ondo daki C2 prestatzen ari den irlandar honek. “Azterketa gainditzea ondorioa izan behar da, ez helburua”, hausnartzen 1991an heldu zen euskaldunberriak. “Unibertsitatera jo nuen doktorego tesia egiteko neurozientzia sailean. Hasieran oso zaila zen lan finkoa lortzea euskararik gabe. Aldizkari zientifiko bateko kudeatzaile izateko lanpostu bat lortu nuen nire ingelesa aprobetxatuta. Urte asko egon naiz euskarari erreparatu gabe, niretzat ez zen ezinbestekoa”, aitortzen du.

Duela bospasei urte bere zuzendari batek ikastera animatu zuen, “ez behartuta, inondik inora”. Horregatik, “Unibertsitateko hizkuntza politikaren kume” bezala definitzen du bere burua. “Erraztasun asko ematen zaizkigu euskara ikasteko, nire lan ordutegiaren barruan etortzen naiz euskaltegira”, adierazten du. Hori dela eta, ez du ulertzen lankide askok duten jarrera ezkorra. “Administrazioa ez den beste leku asko daude lan egiteko hizkuntza bat ikastea zama handia baldin bada eurentzat”, adierazten du Fogartyk, zeinek euskara bere “maitale” bihurtu dela onartzen duen. Zailena, Karla Alejandrak dioen bezala, hitz egiteko tokiak aurkitzea da. Baina berak lehen berba beti egiten du euskaraz: “Behin klasea bukatu ondoren kafe bat hartzera joan nintzen irakasle batekin. Kafe bat izotzarekin, eskatu nion zerbitzariari. Eta erantzun zidan: ¿Qué es eso, un cortado? Barregarria izan daiteke”.

Juliana Salazar - Kolonbia

Beste aukera bat eman dio Juliana Salazar kolonbiarrak euskarari. Duela 18 urte heldu zen Bilbora, zortzi urterekin. “B ereduan hasi nintzen euskara ikasten Iralako Tomás Camacho eskolan, baina gero A eredura aldatu eta euskara alderatu egin nuen”, azaltzen du. Duela bizpahiru urte hasi zen euskaltegian erizaintza ikasketak osatzeko beharrezkoa izango zuela pentsatuz. “Jende asko kexatu egiten da euskara ikasi behar duelako, baina gero lan egiten zaudenean uste baino jende gehiagok hitz egiten du euskaraz”, kontatzen du Gurutzetako Ospitalean lanean dagoen erizain honek. “Euskaraz hitz egiten didatenean euskaraz erantzuten saiatzen naiz”, dio gaueko txanda duenean euskaltegira lo egin gabe joaten den kolonbiarrak. “Safrizio bat da”, onartzen du.

Lagunekin, nahiz eta bilbotarrak izan, ez du euskararik hitz egiten, “soilik lehengusina txikiekin”. Horregatik, oso garrantzitsua da beraren-tzat euskaltegian egiten duen min-tzapraktika. “Nire lehentasuna B2 maila lortzea da, baina gero berbalagun baten parte hartu nahiko nuke”, adierazten du. Dakienarekin aho zabalik uzten du Kolonbian duen familia. “Barre egiten dute euskaraz entzutzen didatenean, oso zaila iruditzen zaie. Beste egunean telefonoz esan nizkien hitz batzuk, ama harrituta utzi nuen”, kontatzen du.