Basauri - Herriko merkataritza eta ostalaritza sustatu eta dinamizatzeko sortu zuen Basauriko Udalak Helmuga Basauri-Pintxo Festa ekimena. Aurten, bigarren urtez, pintxo txapelketa antolatu da jarduera honekin batera. Azaroaren 15etik 17ra bitartean izango da, eta “udalerriko ostalaritza zein pintxoetan oparoak diren lokal ugariak baliatuko dituzte jendea erakartzeko Basaurin kontsumitzera eta familia-aisialdiaz gozatzera”, diote Udaletxetik.

Zentzu honetan, hiru egun horietan zehar, “Basauriko pintxoak eta ostalaritza-eskaintza zabala sustatuko ditu 2019ko Basauri Pintxo Festak, herriko eta inguru hurbileko kontsumitzaileen artean. Ildo horretatik, herriko merkataritzan kontsumoa areagotzea bilatuko du ekimenak, eta ezagutzera emango du udalerrian aisialdirako dagoen eskaintza interesgarria”.

Horretarako ere, kale animazioa antolatu da, giro ezin hobea zortzeko asmoarekin. Beste alde batetik, Helmuga Basauri-Pintxo Festa gida egin eta banatzea da ekimen honen ardatzetako bat. “Gida horretan parte hartu dute hala nahi izan duten Basauriko ostalaritza-establezimendu guztiek. Besteak beste, establezimenduen izena, posta-helbidea eta kokapena, eta kanpainarako aurreikusitako kultura, kirol- eta aisialdi-egitaraua agertuko dira”.

Iazko edizioan 101 establezimenduk hartu zuten parte eta ildo horretatik jarraitzea espero da. Pintxo txapelketaren bigarren edizioa egingo da eta parte hartu nahi dutenek, pintxo bat hautatu beharko dute. Ekimen honen “osagarri gisa, zenbait animazio-jarduera egongo dira (abesbatzak, fanfarreak, kontzertuak), jendea erakartzeko herriko ostalaritza -eta merkataritza- gune esanguratsuenetara”. - I. Ugarte