Síguenos en redes sociales:

Hiru galdakaoztar, Angolan Walale proiektuarekin

Talde honen eta Vouga aldean bizi diren ehunka pertsonaren ametsa iaz gauzatu zen

Hiru galdakaoztar, Angolan Walale proiektuarekinGaldakaoko Udala

GALDAKAO. Osakidetzan diharduten 3 emakume galdakaoztar Angolara joan dira, Basurtuko Ospitaleko bi ginekologo eta suhiltzaile batekin batera. Euren izenak Saioa Ajuriagoikoa, Amaia Emaldi eta Patricia Pérez de Villarreal dira, eta badira sei urte Vougako Ospitalera doazela ekintza solidarioak egitera.

"Walale, edateko ura eta osasuna Angolarentzat" deritzon proiektuari atxikita abiatu dira, izan ere, duela 2 urte sortutako ekimen honen bitartez, hiru sendagileek, Amaia Ormaza galdakoztarrarekin eta aipatutako Tania eta Ivánekin batera, dirua biltzeari ekin zioten, Bié probintzian kokatutako Vougako ospitalearen inguruan ur-araztegi bat instalatu ahal izateko.

Honela, aurre egin ahal izango diote, urtero lankidetzan jardutera joaten zirenean aurkitzen zuten arazorik handienetako bati: edateko uraren eskasiak, saneamendu desegokiak eta gutxieneko higiene-neurriei buruzko kontzentziarik ezak eragindako gaixotasun gastrointestinal ugariei, hauetako asko hilkortasun-tasa handikoak direlarik

Talde honen eta Vouga aldean bizi diren ehunka pertsonaren ametsa iaz gauzatu zen. Azken bi urteotan egindako jarduerei esker (argazki-erakusketak, hitzaldiak eta kikara eta egutegien salmenta) eta partikularren nahiz erakundeen dohaintzen laguntzaz -Galdakaoko Udala tarteko-, beharrezko funtsak biltzea lortu zuten (ia 40.000 euro). Horrela, iaz ospitalea zein inguruneko landa eremuko herriak hornitzen dituen ur-araztegia erosi, instalatu eta martxan jarri ahal izan zuten. Etorkizunean, bigarren ur-araztegi bat erostea eta instalatzea gustatuko lizaieke.

Angolan egingo duten egonaldian, ospitale barruko jardun profesionalarekin batera, bestelako ekintza solidarioetan ere parte hartuko dute: umeei aisialdian laguntzea; landa eremuko emakumeak ahalduntzea horien buruzagien bitartez; eta uraren erabilera egokia sustatzeko prestakuntza eta sentsibilizazioa lantzea, elikadurari zein norberaren higieneari dagokiena, segurtasunik gabeko uraren kontsumoari atxikitako gaixotasunen eragina murrizteko asmoz.

Gainera, Iván, ur-araztegia instalatu eta Vouga hirugarren aldiz bisitatuko duen ingeniaria, instalazioaren mantentze-lanak planifikatu eta ikuskatzeaz arduratuko da. Oraingo honetan, ondo-ondoan izango du Endika Basabe, Bilboko suhiltzailea, "Walale" proiektuan estreinatu eta behar den guztian laguntzeko prest bertaratu dena.