BErmeo - Ezezagun Gaztelugatxera hurbiltzen diren milaka eta milaka bisitarientzat, Begoñako Andra Marik badu bere tokia Bizkaiko kostaldeko txokorik ederrenean. Ez begibistan, itsaspean baizik. Han jarri zuen CEVAS elkarteak 1,2 metroko altuera duen bere irudi bat, 1953 urtean. Urpekariek baino ezin dute bisitatu, baina orduko balentria omentzeko ekitaldia egingo dute igandean lur gainean, 56. urteurrenean. Itsasotik, lurretik zein airetik egingo diote gorazarre.

Ekitaldiari 11:00etan emango zaio hasiera, Bermeoko portutik. Handik irtengo dira itsasontziz lora eskaintza egiteko, itsasgainean zein urpean. Ordu bete beranduago, 12:00etan, meza izango da Gaztelugatxe San Juan aurreko monolitoan -1969an jarri zena-, eta ordu erdi beranduago “urteetan hainbat lagundu izan digun aitxe Adriani omenaldia egingo diogu”, antolakuntza taldeko kide den Anna Marrak azaldutakoaren arabera. Azkenik, 13:00etan, “eta eguraldia lagun badugu”, Bizkaiko Real Aeroclubeko hegazkinek hartuko dute parte, “lora eskaintza airez eginez”.

Kuriosoa da oso Gaztelugatxeko urpeko Begoñako Andra Mariren istorioa. Eta badu pertsonai berezi bat, beste batzuen tartean: Italiatik Bilbora lanera etorritako Juan Marra. CEVASeko (Centro Excursionista Vizcaino de Actividades Subacuáticas) ardunadun, bere herrrialdeko Genovako Amildegiko Andra Mariren antzera, Begoñako Amatxu urpean jarri nahi izan zuen, kosta ala kosta. “1963an izan zen, eta orduan hainbat zailtasun izan zituzten. besteak beste, dirua lortzearena. Hala ere, guztiei aurre egin zieten. Eta ordutik gaur eguneraino, bada Gaztelugatxen irudi hori”. Hala azaltzen du Annak, Marraren alabak.

Urpean, 12 metroko sakoneran, urteak joan urteak etorri zaintza berezia jaso behar izan du itsaspeko Begoñako Andra Marik. Ekaitz bortitzei aurre eginez, Joaquin Lucarinik egindako lanak bertan darrai. Eta urtero legez, aurtengoan ere bisita jasoko du.