BILBO. Bizkaian, 0 eta 6 urte bitarteko haurrentzako arreta goiztiarra doako zerbitzu publiko bihurtu da 2017. urtetik aurrera, eta Gizarte Ekintza Sailak erregistratutako, baimendutako eta itundutako zentroen sareak eskaintzen du. Itundutako zentroen sarean, orain, orotara, 55 zentro daude lurraldeko eskualde guztietan. Guztiek betetzen dute kalitate eta zerbitzuaren estandarra. Foru-erakundeak prezio itxian ordaintzen du tratamenduen kostua, eta, gainera, zerbitzuaren bermatzailea ere bada. Aurtengo lehenengo sei hilabeteetan, 59.952 ordu inbertitu dira lurraldeko adingabeei arreta emateko.

Arreta goiztiarreko foru-zerbitzuan parte hartu nahi duten zentroek, aldez aurretik, baimena jaso behar dute, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Zerbitzuen Erregistroan izena eman. Zerbitzuaren adostasuna lortu ahal izateko, arreta-orduen kopuru zehatz bat eskaini beharko dute urtean. Sistema irekia da; hau da, deialdia indarrean dagoen bitartean, edozein zentro baimenduk edonoiz eskatu ahal izango du ituna egiteko, aurtengo urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era.

Gaur egun, arreta goiztiarreko preskripzioa duten 1.500 umek baino gehiagok jasotzen dute zerbitzua Bizkaian. Preskribatutako saioen kopurua eta modalitatea Banakako Esku-hartze Planean zehaztuko da.

Zerbitzu publiko aitzindaria

Estatuan, Bizkaia lurralde aitzindaria da behar bereziak dituzten 0 eta 6 urte bitarteko umeei estimulazio goiztiarra emateari dagokionez. Bizkaian sortutako arreta goiztiarreko ereduan osasun-sistemako, hezkuntza-sistemako eta gizarte-sistemako eragile ezberdinek modu koordinatuan lan egiten dute, bai arlo publikokoak, bai pribatukoak. Hala, Bizkaiak bere burua Europako aitzindari bezala kokatu du alor horretan zerbitzuaren kalitatea eta osasun, hezkuntza eta gizarte arloen koordinazioa kontuan hartuz.

Arreta goiztiarreko preskripzioa Bizkaiko AGBTren (Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldea) bitartez egiten da. Talde hori Bizkaiko Foru Aldundiaren barne dago, eta osasun-sistema (Osakidetza) eta hezkuntza-sistemarekin lankidetzan aritzen dira. Hala, azken horiek aztertuko dute umearen egoera eta esku-hartze beharrak modu orokorrean. Sei urtetik beherakoen balorazio guztiak, bai arreta goiztiarrekoak, bai mendekotasun edo desgaitasun kasuak, premiazkotzat hartzen dira.

Balorazioa egin ondoren, arloka, intentsitateka eta iraupenka antolatuko dira arreta goiztiarreko tratamenduak, eta arreta horrekin hasteko umeen garapen-zentroen berri emango zaie familiei. Adingabearen familiak zentro itundu guztien artean egokiena iruditzen zaiona aukeratu ahal izango du.

Zergatik arreta goiztiarra?

Arreta goiztiarra honela definitu da: 0-6 urteko haurrei, familiari eta inguruneari zuzenduriko esku-hartzeen multzoa da, helburu duena arazoak dauzkaten haurrek beren garapenean agertzen dituzten edo horiek pairatzeko arriskua duten premia iragankor edo iraunkorrak prebenitzea eta albait lasterren erantzutea.

Arreta goiztiarra honako honetan oinarritzen da: hainbat motatako estimulu ugari dauzkan giro bat sortuz mota horretako terapiak behar dituzten adingabeen egoera hobetu nahi du, eta modu positiboan esku hartu daiteke garapenean sortutako arazoengatik murriztu diren funtzio edo ahalmenen jabekuntzan.

Bizitzaren lehenengo urteetan plastikotasuna handiagoa da, eta adinak aurrera egin ahala apurka murrizten da; horregatik, txiki-txikitatik esperientzia edo estimulu goiztiarrak ematen badira, ikasketa eta errekuperazioa indartuko ditugu. Hau da, emaitzarik onenak adinik txikienetan lortzen dira. Txiki-txikitatik diogunean, bizitzaren lehenengo lau urteez ari gara. Beraz, arreta goiztiarreko programen eraginkortasunaren mugak ezarrita daude.