Bizkaiako Foru Aldundiak 5.732,4 milioi euro bildu ditu 2019ko sei hilabetetan. Kantitate hau urte osoko zerga-sarreren aurrekontuaren % 64,7 suposatzen da.

Bizkaiko Foru Ogasunak 5.732,4 milioi euro bildu ditu uztailera arte, hau da, iazko aldi berean bildutakoa baino % 2,9 gehiago (iaz 5.570 milioi euro bildu ziren). Hala eta guztiz ere, hazkunde hori % 2,4 murriztu da bigarren hiruhilekoari dagokion lurraldeen arteko doikuntza egin ostean: Bizkaiak 642 milioi euro ordaindu dizkie beste bi foru aldundiei eta, beraz, bildutako dirua 5.090,4 milioi eurotan gelditu da. Nolanahi ere, Arabarekin eta Gipuzkoarekin egindako doikuntzen ostean ere, iaz baino 121,2 milioi euro gehiago bildu dira.

Lurralde bakoitzeko koefizienteari BEZaren eta Zerga Berezien diru-bilketa doitzeko egin den barne-banaketaren ondorioz, Bizkaiak 475,1 milioi euro ordaindu dizkio Gipuzkoari eta 166,8 milioi Arabari. Era berean, guztira doitutako zenbatekotik 347,9 milioi euro BEZari dagozkio eta 294,1 milioi euro Zerga Bereziei.

Bizkaiko Foru Ogasunak urteko lehenengo sei hilabeteetan bildutako zenbateko osotik 2.638,3 milioi euro zuzeneko zergak dira, % 1,1 hazi direnak. Horietatik, PFEZa % 4 hazi da. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da lan-atxikipenek izan duten hazkundea, % 5,3koa. PFEZaren kuota diferentziala, 2018ko errenta egiteko kanpaina ia amaituta dagoenean, -152,7 milioi eurokoa da; iaz, ordea, -133,7 milioi eurokoa izan zen. Horrek esan nahi du diru-itzulketak % 14,2 hazi direla.

Bestalde, sozietateen gaineko zerga, oro har, 665,5 milioi eurora iritsi da zazpi hilabete hauetan (2018an 714,7 milioi eurora iritsi zen), funtsean, bilakaera negatiboa izan dutelako higigarrien kapitalaren etekinek (14,6 milioi) eta sozietateen kuota diferentzialak (2019ko uztailera arte 575,9 milioi eurokoa izan da; 2018an, aldiz, 607,2 milioikoa izan zen); izan ere, aurreko ekitaldian egindako konturako ordainketa konpentsatu da.

Zeharkako zergapetze totala, barneko doikuntzak zenbatuta, 2.053,9 milioi eurora igo da; 2018an baino % 2,5 gehiago. Atal honi dagokionez, BEZak 1.709,6 milioi euro ekarri ditu (iaz baino 3,3 milioi euro gutxiago); bestalde, Zerga Bereziei dagokienez, Hidrokarburoen Zerga % 13,2 hazi da, Tabako-laboreen gaineko Zergak % 2,3 egin du gora eta Elektrizitatearen gaineko Zerga % 3,1 murriztu da.

Azkenik, Tasak eta bestelako diru-sarrerak 39,1 milioi euro izan dira, hau da, 2018ko aldi berean baino 1,8 milioi gehiago; horrenbestez, bildutako kudeaketa propioko zerga itundu garbiak 4.731,4 milioi euro dira guztira, hau da, 2018ko aldi berean baino % 1,7 gehiago (+79,9 milioi).

Kudeaketa propioari Estatuarekin egindako doikuntzak gehitu behar dizkiogu: Bizkaiak BEZari dagozkion 464,3 milioi euro jaso ditu eta Zerga Bereziei dagozkien 105,3 milioi euro ordaindu ditu.

Uztailera arte bildu ditugun 5.090,4 milioi euroak 2019ko ekitaldi osoko zerga-sarreren aurrekontuaren % 64,7 dira. 2019ko ekitaldian guztira 7.868,3 milioi euro biltzea aurreikusi da.