BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak 416,6 milioi euro itzuli ditu 2018ko Errenta kanpainan. Guztira, 575.225 autolikidazio aurkeztu dituzte. Autolikidazio guztien % 69 itzultzekoak izan dira, eta horien batez besteko zenbatekoa 1.050 eurokoa izan da.

178.372 autolikidazio, berriz, ordaintzekoak izan dira, eta horien batez besteko zenbatekoa 1.919 eurokoa izan da. Hala, beraz, azken emaitza -74,3 milioi eurokoa izan da (416,6 M € itzulita eta 342,3 M € kobratuta) Bizkaiko Foru Ogasunarentzat.

Azaldutako datuak oraindik ere behin-behinekoak dira eta ez dago alde handirik aurreko kanpainetan ateratako emaitzen aldean. 2017ko ekitaldiko Errenta kanpainan, 569.245 autolikidazio aurkeztu ziren eta azken emaitza -82,0 milioi eurokoa izan zen; 2016ko ekitaldiko Errenta kanpainan, aldiz, emaitza -67,6 milioi eurokoa izan zen, 566.227 autolikidazio aurkeztuta.

Errenta kanpainarekin batera, Bizkaiko Foru Ogasunak 2018ko ekitaldiko Ondarearen gaineko Zergarena gauzatu du. Azken horretan, 73,8 milioi euro batu dira guztira. Aurkeztu diren 7.461 autolikidazioetatik, 7.224 ordaintzekoak izan dira, eta horien batez besteko zenbatekoa 10.216 eurokoa izan da. Guztietan, 237 autolikidaziok baino ez dute izan 0 emaitza. 2017ko ekitaldiko kanpainan, 7.407 autolikidazio aurkeztu ziren eta horien zenbatekoa 78,6 milioi eurokoz izan zen. 2016ko ekitaldian, ostera, 7.361 autolikidazio aurkeztu ziren eta horien zenbatekoa 73,1 milioi eurokoa izan zen.

Renta Etxean sistema erabili da errenta-aitorpenen erdia egiteko

Ondarearen gaineko Zergari atxikitako aitorpena Internet bidez besterik ezin da aurkeztu, baina Errentaren gaineko Zergari gagozkiola, Bizkaiko Foru Ogasunak hainbat bide eskaintzen ditu aitorpena aurkezteko. Aurreko urteetan legez, biderik erabiliena Renta Etxean izan da. Foru Ogasunak zergadunen etxeetara bidaltzen dituen aitorpen-proposamenetan oinarritzen da sistema hori; 267.595 autolikidazio aurkezteko baliatu da Renta Etxean, hots, aitorpen guztien % 47. Zergadunen % 33k laguntza-programa erabili du eta Internet bidez aurkeztu du aitorpena (161.442) edo, bestela, aurrez aurre aurkeztu du (guztira, 27.050 eta, horietatik, mila aitorpen inguru eskuz prestatu dira). Beste alde batetik, 117.259 aitorpen, hots, aitorpenen % 20, finantza-erakunde laguntzaileetan prestatu dira. Aurreko urteetako emaitzen aldean, aitorpen zertxobait gehiago aurkeztu dira Renta Etxean eta Internet bidez; finantza-erakunde laguntzaileen zerbitzua eta aitorpenen eskuzko aurkezpena, berriz, zerbait apaldu da.

5.270 zergaduni arreta egunero-egunero

Azken Errenta kanpainan, nabarmendu beharra dago erruz erabili direla Foru Ogasunak abian jartzen dituen zerbitzuak, zergadunek PFEZren aitorpena aurkezteko betebeharra betetzen laguntzeko helburuz. Zergadunei zuzenean laguntzeko bi aukerak -aurrez aurrekoa eta telefono bidezkoa- baliatuz , 221.393 kontsulta egin dira, hau da, batez beste, 5.270 kontsultari arreta egin zaie egunero, kanpainak irauten duen bi hileko aldian.

Kanpainaren barruko 42 lanegunetan, guztira, 47.266 zergaduni jaramon egin diegu Foru Ogasunaren bulegoetan eta Aldundiaren arreta-bulegoetan. Aurtengo kopuruak aurreko urteetakoen antzekoak izan dira: 2017ko ekitaldiko Errenta kanpainan, aurrez aurreko 44.971 kontsulta izan ziren eta 48.423 kontsulta, aldiz, 2016ko ekitaldiko Errenta-kanpainan.

Errentako telefonoari dagokionez, zergadunek aurten ere gehiagotan erabili dute zerbitzu hori; hala, guztira, 174.127 kontsultari erantzun diegu telefono bidez. Telefono bidezko kontsulta guztien % 85i, hau da, 147.268ri, agenteek erantzun diete; gainerako % 15i, hau da, 26.859ri, sistema automatizatu batek erantzun die. Aurreko bi urteetan, telefono bidez erantzundako kontsulten kopurua 170.706koa eta 151.733koa izan zen (2017ko Errenta kanpainan eta 2016koan, hurrenez hurren).

Era berean, esan dezagun Errentari buruzko webguneak gero eta ikustaldi gehiago dauzkala. Azken kanpainan, 597.540 bistaratze izan dira eta aurreko bi urteetako kopuruak nabarmen gainditu dira (2017an, 571.726 ikustaldi eta 2016an, 559.516 ikustaldi.