BILBO. Mikel Lertxundiren eskulturak ikusgai daude Rekalde Aretoan. Orekaren bila izeneko erakusketa urriaren 13ra arte egongo da Rekalde Aretoan. Orekaren bilak azken hiru hamarkadetan artistak garatu duen unibertso plastikoa erakusten du.

Egia esan ez da atzera begirako ohiko erakusketetakoa baina hogeita hamar diren obretan bisitariak artistaren ikerkuntza-linea nagusiak deskubritzen ditu, laurogeiko hamarkadaren hasieran hizkuntza heldua eta identifikatzeko modukoa lortzen duen lehen adibideetatik bere azken piezetaraino, eta horien artean daude berariaz Rekalde Aretorako egin dituenak.

Erakusketaren tituluak, Orekaren bila, Berriatuko eskultoreak etenik gabe burutu duen ikerketa gogorarazten digu, beti oreka bilatzearen aldekoa izan den ibilbidean eta naturako funtsezko elementuetan inspiratuta dagoena: harria, burdina eta egurra ", Lorea Bilbaok azaldu duenaren arabera.

Erakusketa-proposamen honen komisario lanak Mikel Onandiak egin ditu; komisarioa eta arte irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta adierazi honakoa du "artistak materialen berezko kualitateak eta jarrerak ezagutzeko duen interesa aspaldikoa da, 70eko hamarkadakoa, orekaren bila harria, burdina eta egurra lantzen hasi zenekoa". "Material horien, euren aldagai guztietan -korporeoa, formala eta konposiziozkoa- konbinazioa, ura, airea eta suarekin batera, naturaren barruan bizi den harmoniaren -poesiaren- inguruko Lertxundiren pentsakeraren eta bilaketa iraunkorraren funtsa dira", esan du amaitzeko Onandiak.

Orekaren bila Mikel Lertxundiren lana birpasatzeko aparteko era da; eskultorea, aldi berean, bere eskultura publikoengatik eta Bizkaiko beste herri batzuen artean naturan Ondarroan edo Durangon egin dituen esku hartze artistikoengatik da ezaguna, edo Larrabetzuko Azurmendi jatetxean instalatuta dagoen bere Lurreko piezagatik edo Ziortza-Bolibarren dagoen Triada titulua duenagatik.

Aldi berean Mikel Lertxundik aurkeztu berria du, Loraldia Jaialdiaren barruan, Bilboko espazio publikoan Elkarketak izenburua duen ibilbide eskultoriko bat. Martxoaren 23tik apirilaren 23ra Lertxundik tamaina handiko zazpi eskultura instalatu zituen Bizkaiko hiriburuko toki batzuetan. Pieza horietatiko bi Isozaki atean kokatu ziren (Izenbururik gabe, 2008) eta beste bat Guggenheim Bilbao Museoaren ondoan (Toparri II, 1997-2008); horiek instalatuta mantentzen dira eskultoreak orain Rekalde Aretoan inauguratzen duen Orekaren bila erakusketarekiko lotura izan daitezen.