HAIZETARA nazioarteko fanfarria, banda eta kaleko musika lehiaketaren XIV. edizioa egingo dute asteburuan Amorebieta-Etxanon, beste urte batez. Denborarekin kaleko musikaren erreferentea bihurtu den egitasmoa da Haizetara, bai estatu mailan eta baita mundu mailan ere.

Herriko udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatutako jaialdian Beningo, Erresuma Batuko, Kataluniako, Madrilgo, Granadako, Zaragozako eta Euskadiko taldeek joko dute. Emanaldiak Zornotzako kale ezberdinetan izango dira, herritarrek munduko toki askotako doinuez goza dezaten. Guztira 12 talde izango dira Amorebietako bazterrak musikaz beteko dituztenak, baina bederatzik soilik hartuko dute parte lehiaketan. Talde onenak 10.000 euroko saria irabaziko du, instrumentista trebeenak 1.000 eurokoa eta publikoaren gogokoenak 4.000 eurokoa.

3Indarrok Elektrotxaranga euskaldunak izango dira lehen notak joko dituzten musikariak. Folk, pop, rock eta salsa erritmoak estilo propio eta aldarrikapenekin uztartuz, euskaraz abestuz eta edonora bizipoza eramanez aritu dira 2005. urtetik.

Bestalde, Erresuma Batuko Flat Cap Brass taldeak brass erritmoko eta pop garaikideko abestiez beteriko errepertorioa ekarriko du Zornotzara. Bartzelonatik La Orquesta Ermesinde hurbilduko da aurten Haizetara lehiaketara. Talde katalanak zornotzarrak dantzan jarriko ditu Balkanetako fanfarrien omenezko kantak joz. Serbia, Bosnia, Mazedonia, Errumania eta Moldaviako folkloreetan oinarritutako doinuek bertako bizitzeko era imajinaraziko dute.

Funkaz gozatzeko parada ere egongo da Zornotzan Befunkbop taldearen eskutik. Granadako musikariek jazza jotzeko beharrezko abilezia musikala funkaren Groovearekin nahasiko dute, eta edonor txunditzeko gai dira koreografiaz eta energiaz beteriko emanaldia sortuz. Kale-ikuskizun ikusgarria, benetan.

Muchachos Brass madrildarrek, aldiz, irratian garai ezberdinetan arrakasta izandako abestiak joko dituzte.

Lehiaketan parte hartuko duen beste talde bat Sopa Loca da. Jatorri frantsesekoak eta Hego Ameriketako erritmoak eta doinu tropikalak jotzen duten kaleko orkesta bat dira.

Haizetara askotariko estiloak batzen dituen jaialdia da, eta horren erakusgarri da askotariko taldeak ekartzea. Jingle Django nazioarteko musikariz osatutako Madrilgo taldea da, eta gipsy estiloa munduko bazter anitzetara eraman izan du. Aurten Haizetaran lehiatuko da.

Bifalts taldea kopla katalana egiten duen lehenengo fanfarria da, eta Zornotzako kaleetan ikusteko aukera egongo da Hummusman ikuskizunaren eskutik. Guztira, 14 dira musikariak eta zornotzarrak dantzan jartzeko prest daude Balkanetako, Kataluniak eta Latinoamerikako doinuak nahastuz.

Aurtengo edizioan lehiatuko den azken taldea Eyo’nle Brass Band izango da. Benindik datozen musikari hauek munduko fanfarria afrikar bakanetakoa osatzen dute, eta Guineako Golkoko musika eramaten dute doazen tokira doazela.

Horretaz gain, badira talde gonbidatuak ere: Broken Brothers Brass Band, Bloco RebelaSon eta Lambroten Brass Band.

Jarduera osagarriak Nahiz eta emanaldiak izan Haizetararen plater nagusia, badira bestelako jarduerak ere. Bi jam session eskainiko ditu Josu González Quartetek Harrison Hotelaren terrazan, ekainaren 21 eta 22an, 0:00etan.

Kontzertu didaktikoa eta familientzako tailerrak ere antolatu dituzte Zelaieta parkean, larunbatean, 12:00etan. Bertan, material ezberdinak erabiliz soinu politak sortzen dituzten instrumentuak egingo dituzte parte hartzaileek. Tailerrak Tramatraka izena du eta birziklapena, sorkuntza eta imajinazioa lantzea du helburu, musikaren laguntzaz.

Dantza emanaldiek ere izango dute lekua Haizetaran. Swing Side Bilbaok bi emanaldi eskainiko ditu. Dantza elkartea swing estiloaren jarraitzaileen erreferentea da bai Bilbon, bai Bizkaian.

Bukatzeko aipatu behar da gaur, osteguna 18:00etan, lehiaketa dela-eta Zelaieta erakusteka zentroak Katxarrismos esposizioa jasoko duela uztailaren 5a arte. Erakusketa Augusto Gonzálezen proiektua da, eta bertan eguneroko bizitzako materialez osatutako perkusio, haize eta hari instrumentuak ikusi ahal izango dira.