BILBO. Boluntarioak dira Gurutze Gorriaren oinarria. Haiek gabe, ezin izango lukete egiten duten lana aurrera eraman. Edozein hiri, herri edo auzoko biztanleak dira, ia edozein adinekoak, eta gaur egun Bizkaian 2.440 boluntario aktibo daude 11.038 boluntarioren artean. Horietatik, %52a gizonezkoak dira eta %48a, aldiz, emakumezkoak. Adin tarte nagusia, ordea, 31 urtetik 40 urtera bitartekoa da.

Bazkideak dira erakundearen beste zutabe garrantzitsuenetakoa. Pertsona horien ekarpenei esker, Bizkaiko Gurutze Gorriak egoera zaurgarrienean dauden pertsonekin gauzatu beharreko plana aurrera eramaten du eta programen egonkortasuna eta jarraikortasuna bermatzen du. Aurten bazkide kopuruak gora egin du, aurreko urtearekin alderatuta. 2018an Bizkaiko Gurutze Gorriak 24.454 bazkide izan ditu, hau da, aurreko urtean baino 370 gehiago. 623 enpresa eta erakunde ingururen laguntza ere ezinbestekoa da erakundearen elkartasun lanerako.

Jarduera eta proiektu azpimarragarriak

2018an hainbat proiektutan eta gertakaritan zentratu dira: etorkinekin aurrera eramandako lana; Laguntzarako eta elikagaiak banatzeko Lagun Guneak zentro berria; zaurgarritasunaren aurpegia; egoera zaurgarrian dagoen kolektiboarekin ingurumen arloan esku-hartzeko barne plana; eta Kudeaketa Aurreratu Ereduari dagokion diploma lortzea.

2018ko ekainean, Itsasartetik eta Andaluziako kostaldetik gero eta pertsona gehiago zetozela ikusita, Bizkaiko Gurutze Gorriak, Eusko Jaurlaritzarekin, Bilboko Udalarekin, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioarekin lankidetzan, kolektibo horri arreta zuzena eta premiazkoa ematen dion Giza Laguntza eta Etorkinen Harrera Programa jarri zuen martxan. Eman dituen laguntzen artean harrera, orientazio, aholkularitza eta beharretarako laguntza daude, besteak beste.

Iazko datuen artean azpimarratzekoa da, baita ere, izaera berritzailea duen beste proiektu bat. Udazkenean ireki zituen ateak Bizkaiko Elikagaien Bankuarekin, BBK Fundazioarekin, Bilboko Udalarekin eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin lankidetzan, eta gizarte zerbitzuekin koordinazioan, pertsonentzako eta familientzako duintasun baldintzetan elikagaiak banatzeko eredu berritzaileak ezartzeko sortutako Lagun Guneak Laguntza Zentroak.

Barne mailan, 2018an Bizkaiko Gurutze Gorriak barne apustu sendo bi egin ditu. Bat ingurumenarekin, kolektibo zaurgarriarekin aurrera eraman beharreko esku-hartze planaren bitartez. Horri esker, familien baldintzak hobetzeko programetan sortutako Karbono Aztarnaren gastuari buelta emateko konpromisoa hartu dugu, etxebizitzetan energia auditoretzak eginez, proposamenak eginez eta etxeetako baldintzak hobetuz; energia aurrezteko kit-ak emanez eta instalatuz; etxeko ekonomia tailerrak eskainiz; eta energia pobreziarako laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza emanez.

Beste alde batetik, Bizkaiko Gurutze Gorriak kudeaketa eredu eraginkorrekin, etengabeko hobekuntzarekin eta gardentasunarekin duen konpromisoa berresten duen aurrerapauso garrantzitsua eman da 2018an. Horrela, Kudeaketa Bikaina sustatzen duen eta enpresen lehiakortasunari eta garapen jasangarriari laguntzen dion EUSKALIT Fundazioak bultzatzen duen Kudeaketa Aurreratu Ereduari buruzko ebaluazioa gainditu da.

Ekonomiaren kudeaketa

Bizkaiko Gurutze Gorriak 2018an izan zituen gastuak 13.253.317 eurokoak izan ziren. Horietatik %0,52 Komunikaziora zuzenduta egon zen, %1,45 Boluntarioetara, %1,60 Gazteriaren Gurutze Gorrira, %2,25 Nazioarteko Lankidetzara eta Elkartasun Funtsera, %8,25 Kudeaketara, Administraziora eta funtsak eskuratzera, %13,33 Prestakuntza Institutura, %27,40 Sorospen eta Larrialdietara eta, azkenik, %45,21 Gizarte Esku Hartzera eta Enplegura.

2018an zerbitzuen finantzaketatik 13.323.344 euro lortu ziren, horietatik %27,27 Urrearen Zozketaren kanpainaren bitartez lortutako funtsetatik, bazkideen ekarpenetatik, diru-eskeetatik eta bestelakoetatik eta %24,50 zerbitzuen prestaziotik jaso da. Finantzaketaren gainerakoa diru-laguntzetatik eta dohaintza pribatuetatik, kudeaketako bestelako diru-sarreretatik, finantza alorrekoetatik eta kapital diru-laguntzen sarreretatik jaso da.

Inbertsioetara 183.278 euro bideratu dira, eraldaketa eta zaharberritze lanetara, ibilgailu eta itsasontzietara, eta 2018ko emaitza ekonomikoa 70.027 eurokoa izan da.