BILBAO - 2017ko martxoan, Bilboko Udalari eta Eusko Jaurlaritzari aurkeztu zitzaion Zorrotzako Gizarte eta Hezkuntza Proiektua 2017-2022. Ia bi urte igaro dira helburu bikoitza duen proiektu hau martxan jarri zenetik. Lehena, Zorrotzako gazteria modu “eraginkor” batean heztea da, curriculumeko arlo guztietan prest dauden herritarrak izatearekin batera, auzoarekin eta gizartearekin engaiatuta egoteko eta solidarioak izan daitezen. Bigarrena, ikastetxe publikoek auzoan egiten duten lanari ikusgarritasuna ematea.

Ikusgarritasuna ematearen harira, aurresku galant batekin harrera egin zieten IES Zorrotza BHI-ko bi ikaslek gonbidatuei, hots, Cristina Uriarte Eusko Jaularitzaren Hezkuntzako sailburuari eta Maite Alonso sailburuordeari. Haiekin batera, Zorro-tza Barrutiko Kontseiluko presidente den Marta Ajuria ere izan zen. Harreraren ostean, 3. DBH-ko gela batean sartu ziren, eta bertan, ikasleak proiektuan egiten ari direnaz mintzatu ziren. Aurtengo ikasturtean, Institutuan nerabeak Bihotz Birikak Bizkortu proiektuan zentratu dira. Gai hau curriculumean berez hala datorrelako landu beharrekoa da, hirugarren mailan ikasten direlako arnas eta zirkulazio-aparatuak.

Desfibriladoreen kontuari dagokionez, ikasleek desfibriladoreak auzoaren zein puntutan dauden azaltzen duen aplikazio bat daukate, eta ikasitakoarekin, badakite zer egin norbaiti zeozer gertatzekotan. Ezinbestean, ezinbesteko zerbitzu bat eskaintzen zaio komunitateari. “Bizitza bat salbatu ahal izateak, edo bestela, momentu zail batean salba-tzen saiatzeak eta zer egin jakiteak asko motibatzen ditu ikasleak”, azaldu zuen Espe Morato IES Zorrotza BHI-ko zuzendariak. Honekin bat, hurrengo bi kurtsoetan aldaketa metodologiko honekin “nolabait” jarraituko zutela baieztatu zuen.

Ikasgeletan metodologia-aldaketak ezarri dira jada, Zerbitzuak Ikasteko Proiektuetan irakasleak abiltzearekin batera. Gainera, Zorrotzako beste ikastetxeetako zuzendaritzekin (Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza jorratzen dituzten Zazpilanda eta Zorrotza Fray Juan), publikoak ere direnak, ekintzarako ildo bateratu batzuk ezarri dituzte, ikastetxe bakoitzeko hezkuntza-proiektua berrikusiz.

Eusko Jaurlaritza, Bilboko Udala eta hiru ikastetxe publikoez gain, hurrengoek parte hartzen dute proiektuan: familiek, osasun-zentroak, haur-eskolak, euskaltegiak, auzo-elkarteek eta auzoko elkarte-sarea osatzen duten gizarte- eta kultur eragile guztiek.

Horren adibide da Errugbia eta balioak Zorrotzan, proiektu honen baitan martxan jarritako ekimena. 2018-2019 ikasturtean zehar Universitario Bilbao Rugby taldearen eskutik heldu da Lehen Hezkuntzara ekimena. Haurren kirol- eta pertsona-garapena, errespetua, lankidetza, talde-lana eta baterako hezkuntza lehenetsi dira errugbiaren harira garatutako jardunetan.

Elkarte, erakunde eta zerbitzuen artean sortutako sare-lanaren inguruan, Uriarte Hezkuntzako sailburuak bere iritzia plazaratu zuen: “Oso pozik gaude proiektu honekin, eta emaitzak ikusten hasi dira, ikasleak euren konpetentzietan heztearekin batera, bestelako konpeten-tzia batzuetan heziak izaten ari direlako, erantzukidetasunean, parte-hartzean eta bizikidetzan, oso garrantzitsua dena”.

Alabaina, Hezkuntza mintzagai dela, beste alde batzuk ez daude “pozik” sailaren lanarekin. Esaterako, Gasteizen, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak Blanca Guerrero Arabako Hezkuntza delegatuaren dimisioa eskatu zuen astelehenean, eta atzo bere aurkako manifestazioa egin zen Gasteizen. Bien bitartean, Uriartek Guerreroren lana defendatu zuen IES Zorroza BHI-ko pasabideetan: “Niretzat oso injustua da egiten ari direnak eta gertatzen ari dena Araban, zeren uste dut Arabako delegatua oso lan inportantea egiten ari dela”.

Duela bi aste LAB eta Steilas sindikatuek ere, Gizarte ekimeneko gatazka jorratu zuen bilera batean agertu ez izanagatik, Hezkuntza sailarekiko atsekabea helarazi zuten. Dena den, hori konpontzeko akordioa sinatu zutenetik, adostutakoa modu “zabal” batean betetzen ari direla azaldu zuen sailburuak.

Zorrotzara itzulita, proiektu honen ilusioak ez dauka mugarik. Aipatutako guztiekin batera, Zorrotzako ibilbideak ekimenean Zorrotzako zaharren egoitzako pertsonekin lan egiten dute ikasleek. Ikasi hitzaren zentzua zeharo berreraikitzen ari da lan honen bitartez, egiten, ikusten baino gehiago ikasten delako.