BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak Lurraldeko errepideetako seinalizazio turistikoa hobetzeko diru-laguntzen programaren lehen deialdia onartu du. Aurten 400.000 euroko inbertsioa egingo da eta hartzaileak udalak, garapen-agentziak, landa-garapeneko agentziak eta helburu turistikoak dituzten elkarteak izango dira.

Programa Turismoa 2020 estrategiatik abiatuta garatzen da. Estrategia horren lehentasunezko helburuen artean destinoa, hala aldi baterakotasunari nola geografiari dagokienez, urtaroei lotuta ez egotea lortzea dago, horrela turismo jasangarriko eredua sortuz. Bisitarien fluxuak Lurralde osoan zehar banatzea errazteko funtsezkoa da baliabide turistikoen sustapen-estrategia bat garatzea, betiere horiek sakabanatuta daudela kontuan hartuta eta seinalizazioak Bizkaiko eskualde eta udalerri guztien arteko korridore turistikoak sortuko dituela bermatuz. Helburu horrekin Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Sailak seinalizazio turistikoa egiteko proposamen estrategikoa egin du turismoaren eta azpiegituren arloetako zuzendaritzen ezagutzak batuz. Proposamenaren barruan guztira 93 baliabide eskaintzen dituen inbentarioa egin da; horien arteko hasierako 10 baliabideak dira lehentasuna dutenak eta Bizkaiko Korridore Turistikoak sortzen dituztenak.

1. Guggenheim Bilbao Museoa (Bilbo)

2. Bizkaia Zubia (Portugalete - Getxo)

3. Gaztelugatxeko San Joan (Uribe - Urdaibai)

4. Urdaibaiko Biosferaren Erreserba (Urdaibai)

5. Santa Katalina itsasargia eta Lekeitio (Lea Artibai)

6. Pozalaguako koba (Enkarterri)

7. Bizkaiko flyscha (Getxo-Uribe)

8. Gorbeiako Parke Naturala (Gorbeialdea)

9. Urkiolako Parke Naturala (Durangaldea)

10. Nerbioi ibaiaren ur-jauzia (Urduña inguruan)

Inbentarioa egiteko baliabide horien guztien potentzialtasuna baloratu da, eta baita bisita turistikoari dagokionez duten aprobetxamendu maila ere. Inbentario horren barruko baliabideen arteko lehentasunak seinalizazio-beharrizanaren arabera ezarri dira, lurralde-oreka mantenduz; halaber, destinorako duten balio estrategikoaren, taktikoaren edo operatiboaren arabera sailkatu dira. Lehentasun horiek ezartzearen ondorioz Bizkaiko Lurraldean bisitarien fluxuen banaketa sustatzeko eta destinoko baliabideen irudi erakargarriagoa eskaintzeko ikono estrategiko moduan balioko duten hamar baliabide turistiko sortu dira.

Helburu horiek lortzeko seinalizazioa jarri behar da ibilbide osoan zehar, hau da, kokatuta dagoen lekutik kapazitate altuko sareko guneetaraino, beste lurralde batzuetatik gurera hurbiltzen den ibilbide luzeko trafikoa horietatik etortzen delako. Eta dekretuak diru-laguntzak antolatzen ditu inbentarioan sartuta dauden baliabideak kudeatzen dituzten udalak, garapen-agentziak eta/edo sozietateak izan daitezen seinalizazio-proiektuak burutuko dituztenak. Diru-laguntzen gehieneko munta 80.000 eurokoa izango da lehentasunezkoak diren 10 ikonoen seinalizazio-proiektuetarako eta 25.000 eurokoa gainerakoetarako.