BILBAO. Bilboko udalak eta Aldundiak udalaren wifi sarea zabaltzeko akordioa sinatu dute. Hitzarmen honi esker Miribillako Bizkaia frontoian sarea ezarriko da. Dagoeneko, Udalaren Wi-Fi sareak 1.400 puntu baino gehiago dauzka uri osoan zehar banatuta, eta egunean 120.000 erabiltzaile ere izan ditu konektatuta.

Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak elkarlanerako hitzarmen bat sinatu dute, eta, hari esker, Udalaren Wi-Fi sarea Urian zehar han eta hemen kokatutako foru-eraikinetara hedatu ahal izango da. Epe luzeko elkarlan hori, beraz, Miribillako Bizkaia frontoian sarea ezarriz abiatuko da.

Gotzone Sagardui Alkatetzako zinegotziak eta Imanol Pradales Foru Aldundiko Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko diputatuak sinatutako hitzarmenari esker, haririk gabeko sarea (wifi sarea) zabalik egongo da eta, hortaz, nahinork erabili ahal izango du Internet dohainik, Bilboko Udalaren azpiegituraren bidez.

Espero da Udalaren wifi sare zabalagoa urteko lehenengo hiruhilekoa amaitu baino lehen erabilgarri egotea. Erakunde bien xedea da uriaren lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa bultzatzea informazio-teknologiak eraginkortasunez eta modu adimentsuan erabiliz.

Gaur egun, Bilboko Udalak, BilbaoTIK udal sozietatearen bitartez (lehengo Cimubisa), doako Wi-Fia eskaintzen du 1.400 puntu baino gehiagotan, ia udal-eraikin gehienen kanpoaldean nahiz barrualdean (liburutegi, kiroldegi, auzo-etxe eta abarretan), eta orobat Uriko auzo guztietan. Egunero, 100.000 lagun baino gehiagok erabiltzen dute Bilboko Udalaren doako Wi-Fi sare hori.

Aurreko kasuetan legez, Bilboko Udalak eta Foru Aldundiak lortu dute baten eta bestearen sareak zabaltzeko erakunde bien baliabideak optimizatzea eta koordinatzea, doako zerbitzuaren estaldura hobetzen lagunduko duen hazkunde inorganiko baten bidez, baliabideak hobeto erabiliz eta horretarako egin beharreko inbertsioak txikiagotuz.

Alde horretatik, bada, Bilboko Udalak, oraindik ere, lanean dihardu WiFi sarea hiri osoan zehar zabaltzeko, puntu berriak ezarriz egungo estaldura zabaldu eta hobetzeko, eta erakunde arteko akordio berriak sustatuz, hala nola Osakidetzarekin, Foru aldundiarekin edo Eusko Trenbide Sarearekin. Asmoa da herritar guztiek izan dezatela eskura, doan, Udalak telematikoki geroz eta zerbitzu gehiago eskaintzen dituenez, haiek ere erabiltzeko.