BILBO. Getxok "Ocean Tech Bootcamp" ekitaldiaren bigarren edizioa jasoko du Urriaren 2tik 5era. Ekitaldia Donibane Lohizunen, Hossegorren eta Bilbon ospatuko da ere. Ekintzak irristatzeko kirolekiko grina bultzatzen duten eta etorkizun oparoa duten enpresa sortu berrien liderrak eta pertsona inspiratzaileak bilduko ditu
Ekimen honen helburua da nazioarteko sare horretako hamar enpresa sortu berri (start-up) eta hamar enpresa mentore (tech influencer, enpresa inspiratzaileak, etab.) biltzea; hori guztia itsasoari eta irristatzeko kirolei eta itsasokoei lotutako esperientzien trukaketa ahalbidetuko duen formatu original batean. Horrela, enpresa horiei nazioartean eta hainbat espezializazio eremutan aritutako mentoreen esperientziarako sarbide pribilegiatua eskainiko zaie.
Talde txikiko formatu horien xedea esperientzien trukaketa erraztea da, enpresa bakoitzak dauzkan kezka eta beharrei erantzuteko aholku pertsonalizatuak emanez.
Imanol Landa alkateak esan bezala, “helburua da Getxo erakustea enpresak garatzeko aukera ematen duen toki gisa, baita atzerriko enpresekin elkartrukea sustatzea ere, nazioartekotzea errazteko asmoz”. Hori dela eta, urriaren 2an eta 3an, nazioarteko sare horretako hamar enpresa sortu berri egongo dira Getxon, eta udalerriko enpresa-ekosistema ezagutzeko aukera izango dute: Ekonomia Sustatzeko Zerbitzuak, itsasoari lotutako azpiegiturak (Kirol Portua, etab.), kirol-azpiegiturak (Errendimendu Handiko Zentroa, Fadura, Egoitza, etab.), proiektu interesgarriak (hala nola “Thinking Fadura”, Fadura jatetxeko proiektu soziala, etab.); horrez gain, interes handiko zenbait ekitaldiren berri izango dute, esate baterako “Olatu erraldoia?Punta Galea Challenge”. Topaketa bat egingo da nazioarteko enpresa horiekin, eta Getxoko enpresentzako itsasoari lotutako proiektu interesgarriak aurkeztuko dira.
“La Ocean Tech” ez da enpresa-talde bat (klusterra), ezta enpresen elkarte bat ere (lehiakortasun-poloa). Berrikuntzari buruzko mugaz gaindiko ekosistema da, Bilbotik Hossegorreraino zabaltzen dena. Irristatzeko kirolen eta eremu digitaleko enpresen eta talentuen talde baten inguruan osatu da, eta Europako eskualde honetan 24.000 lanpostu eta 8.000 milioi euro baino gehiagoko negozio-zifra ditu.
Manuel de Lara Ocean Living Lab?OLL sareko presidenteak azaldu duenez “2016ko martxoan “La Ocean Tech” egituratu zen living lab eran (saiakuntza errealen bankua), ENoLL Europako etiketa dauka eta French Tech Sports ekosistema tematikoaren aintzatespena du; horri esker, nazioartean bete-betean inplikatutako eragile originala bilakatu zen, alde batetik, Euskal Herriko enpresak proiektatzeko eta, bestetik, etorkizuneko talentuak saretzeko enpresa berritzaile berriak erakartzeko”.
2018an Getxoko Udala “La Ocean Living Lab”-eko berrikuntza-ekosisteman sartu zen, bat etorriz kirolaren eta ongizatearen teknologien eta industrien esparruko ekonomia sustatzearen aldeko apustu estrategikoarekin, betiere gure udalerrian sektore horretan garatzeko aukera ugari sustatze aldera. Itziar Vidorreta GAIA - Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkartearen nazioarteko proiektuen arduradunak gogoratu duenez, “iaz Bootcampen parte hartu zuten enpresetariko bat Karma Techonologies izan zen, 2016an Getxoko Udalaren Wanted sari bat irabazi zuena Emerid System proposamenagatik, hau da, uretako kiroletako jantzi adimentsu bat diseinatzeko proiektua”.