BILBAO. “Bilbao 2016 Enplegu Planak" hiru erronka nagusi hauei erantzuna emateko helburua du: jarduera ekonomikoa sortzea, enplegurako aukera berriak sortzeko prozesua bultzatzea eta kohesio- eta ongizate-politikak sustatzea. Gaur bertan aurkeztu dute ekimen hau Bizkaiko hiriburuko alkatea den Juan Mari Aburtok eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua den Ángel Toñak. Ekimena hiriko udalak eta Eusko Jaurlaritzak partekatzen duten estrategiaren barruan kokatzen da, eta bere helburu nagusia lan-merkatua suspertuko duten eta kontratazioari mesede egingo dioten programa eta esku-hartzeak martxan jartzea da, egoera zaurgarrienean dauden kolektiboei arreta berezia jarriz.

Horrenbestez, “2016 Enplegu Plana”, batetik, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza da, eta, bestetik, enpresa pribatuekin, laneratzeko enpresekin, enpleguko zentro bereziekin eta irabazi-asmorik gabeko erakundeekin egindako elkarlanaren fruitua da. Alkatearen esanetan: “Ezaugarri hauetako proiektu bat sustatzeko bide bakarra elkarrekin egindako apustua da, horri esker ahalegin eta gogoak batzen baitira lan-merkatua aktibatzeko”. Hori guztia Bilboko Udalaren Gobernu Plana betez, zeinak bere lehen jarduketa-ardatzean zehazten duen enpleguaren gaineko zuzeneko ekintzen programak bultzatuko direla, bereziki gazteenen eta lan-merkatuan txertatzeko zailtasun gehien dituztenen artean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatearen iritziz: “Erakundeek eta enpresek elkarlanean jarraitu behar dugu, gure hiriko ekonomia sustatzeko eta enplegu gehiago sortzeko. Hori da gure erronka eta ahalegin nagusia”.

Bestalde, Angel Toña sailburuak tokiko enplegu planen garrantzia nabarmendu du. Aurten Euskal Autonomia Erkidego osoan guztira 21 milioi euro bideratu dira horretara. “Guk ulertzen dugunaren arabera ?adierazi du? aukera produktibo berriak antzemateko lekurik aproposena tokiko eremua da. Azken finean, enplegu-politikaren tokiko dimentsioa indartu nahi dugu”.

GENERO BERDINTASUNA ETA AUZOEN GARAPENA

Edizio honetan, Bilboko Udalak indartu egin du aukera berdintasunarekin eta genero perspektiba txertatzearekin duen konpromisoa, joan zen otsailean osoko bilkurak hartutako erabakia betez. Erabaki horren bitartez, emakumeek lanpostu bat eskuratzeko prozesua hobetzeko neurri-sorta jakin bat onetsi zen, eta udalaren enplegu planetako kontratazio-kuota ehuneko 40tik ehuneko 50era igo zen. Lehenengo aldiz, emakume kopurua gutxienez % 50ekoa izango da ?hau da, 258?, eta guztira 516 izango dira kontratatutakoak. Programa honen lehenengo deialdiaz geroztik mantendu den beste nortasun-ikur bat auzoen garapen orekatua sustatzea da, auzoetan merkataritza-, gizarte- eta kultura-jarduera ekonomikoa sustatuz.

5.707.660 EUROKO AURREKONTUA “Bilbao 2016 Enplegu Planak” 5.707.660 euroko aurrekontua du; Eusko Jaurlaritzak 4.269.660 euroko ekarpena egin du Lanbideren bitartez, eta Bilboko Udalak, berriz, 1.438.000 eurokoa.

Egitasmo honi esker guztira sortuko diren 516 lanpostuetatik, Bilbao Ekintzak zuzenean 191 kontratazio kudeatuko ditu. Beste 300 kontratu enpresa pribatuek gauzatuko dituzte, eta beste 25 erakunde sozialek, laneratzeko erakundeek eta zentro bereziek. Aurreko urtean 457 lanpostu eskaini ziren, eta horietariko 193 Bilbao Ekintzak kudeatu zituen, enpresa pribatuek 222 kontratu gauzatu zituzten, eta gainontzeko 42 lanpostuak irabazi-asmorik gabeko erakundeek kudeatu zituzten.

Aurreko ekitaldiarekin alderatuta zenbateko osoa ehuneko 13 hazi da, hau da, 59 pertsona gehiago.

EGOERA ZAURGARRIENETAN DAUDEN PERTSONENTZAKO PLANA

“Bilbao 2016 Enplegu Planaren” ezaugarri bereizgarri bat izaera soziala da, egoera zaurgarrienetan dauden kolektibo eta pertsonen eskarietan oinarrituta dagoena. Egingo diren 516 kontratazioetatik ehuneko 50 emakumeenak izateaz gain, proiektu honek lehentasuna ematen die 55 urte baino gehiago dituzten pertsona nagusiei, guztiaren ehuneko 15i alegia (77 pertsona).

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek eta udalak Bilbao Ekintzaren bitartez sortutako lanpostuei dagokienez (216), Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten pertsonentzat izango dira aipatutako lanpostuen % 30 gutxienez; gainerako ehuneko 70a, berriz, lan-merkatuan sartzeko zailtasun gehien dituzten taldeentzako izango da, besteak beste lehenengo lanpostuaren bila dabiltzan 35 urtetik beherakoak, langabeak eta langabezian denbora luze daramaten pertsonak.