Gernikatik Mundurak berbena egingo du gaur
Gernika-Lumo - The Groovies talde bilbotarraren ikuskizunarekin ospatuko du gaur Gernikatik Mundura elkarteak jaio zeneko hogeigarren urtemuga. Eupilako Berbena izenarekin, Gobernuz Kanpoko Garapenerako Erakundeak duela urte batzuk egiten zuten ekimena berreskuratu nahi izan dute data biribil honetarako.
“Berbena hau konpromiso solidarioa ospatzeko egiten genuen urtero; bertan bostehun pertsona inguru batzen ziren Gernikatik Mundurak hasieratik egin izan duen beharra babesteko eta, bide batez, elkarrekin musikarekin gozatzeko”, gogoratzen dute sustatzaileek.
Gaur ere helburu berbera izango dute 21:30etik aurrera Astra ingurura hurbiltzen direnek, animazioa The Groovies taldearen esku geratuz. “1970eko eta 80ko hamarkadetako arrakasta handienekin eskainiko digun ikuskizuna izango dugu, eta beste sorpresa asko ere bai”, iragarri dute. Bertaratzeko sarrerak bost euroan jarri dituzte salgai Gernika-Lumoko Kultur Etxean eta Dionisia dendan eta Bake Eder, Arribaltza, El Caserio eta Arkupe tabernetan.
Gobernuz Kanpoko Garapenerako Erakundeak hogei urte bete ditu bete ditu Afrika edota Hegoameriketako hainbat herrialdetan lan solidarioa eginez erakunde sozial eta komunitarioei lotutako andre eta gizon taldeekin. Giza eskubideen eta justizia sozialaren alde borroka egiteko prozesuan gernikar guztiak informatzen eta sentsibilizatzen eman dituzte urte guzti hauek. “Lehenengo egunetik hona gonbita egin diegu gernikarrei munduko edozein lekutan gerta-tzen diren desberdintasunak, bidegabekeriak eta giza eskubideen bortxaketak salatu ditzaten”, gogoratzen dute. - I. Alberdi