GERNIKA-LUMO. "Txikitan genio bat topatu ezkero zer eskatuko nion galdetzen zidatenean, "Picasso izan" erantzuten nuen". Horixe da aurtengo Hemendik Kultura sariaren irabazleetako bat den Ube; betidanik barruan izan dituen ardurak eta grinak kanpora ateratzeko beharra izan duen artista. Urteetan zehar beste jardun batzutan aritu izan bada ere. "Barruan duzun indar bat da hizkuntza baten bitartez agertu behar duzuna. Baten batek sakatzen edukiko bazenu moduan sentitzen duzu", azaltzen du. Berbakin.

Hainbat urte eta hainbat lan egindakoa da Uberuaga, baina aurten Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez sortutako Ktart ekimenagatik nabarmendu da, batez ere. Bere artea eta txakolina elkartu egin dira lurralde historikoko txakolindegi desberdinetan antolatutako erakusketen bitartez. Hasiera baten Leioako Mendibile Jauregian -Kontseilu Arautzailearen egoitzan- egon eta gero, Oxinbaltza, Bakio eta Muxikan izan da -Ariatzan eta Berrojan-.

"Kontzeptu zabalak erabili ditut, forma desberdinak. Leioan Zilborrestearen Heriotza eta gero Sustraiaren Hitza agertu nituen", dio Ubek. Bertan harria, burdina eta kableak nahastu ditu, bakoitza bere zentzuarekin. "Harria lurra da; burdinak eta kableak, lotura; eta formak, hizkuntza: sustraiaren hitza". Erakusketa ibiltari honek erantzun ona izan du, bai jarraitzaile aldetik, bai kalitatearen aldetik, nahiz eta leku bakoitzean lanek itxura desberdina eman. "Upeltegi bakoitzak espazio desberdinak ditu, neurri desberdinak, eta batzutan dotoreago geratu da. Batzutan, upategiak baserriak izanik, berez dute indar zoragarria, derrigorrez geratzen da ondo. Antzeko kontzeptuak desberdin kontatuta".

DEIAk eta Hemendikek emandako saria pozik hartu du gernikarrak, "sariak beti dira pozgarriak, sariak hartzea beti da gozoa", onartzen du. Eta berak badaki sarietaz, izan ere garaikur batzuren egilea ere bada, izen handikoak gainera. Esate baterako Save The Children sarietakoa, BBK erakundeak oraintsu eskatutakoa edo "hain ezagunak ez diren batzuk". Hor kokatzen du, adibidez, Senideak elkarteak eskatutakoa, "pozik nago berarekin, barru-barrutik atera zitzaidalako". Beste lan batzuk aipatzen hasita ezin ahaztu Munitibarreko energia berriztagarrien parkean dagoen zubi ikusgarria, Txurdinagako parkean duen 28 piezako eskultura, edo Madrilen zein beste toki batzutan sakabanatuta dituenak.

Picasso izan nahi zuen ume hark New Yorken ere erakusketak eginak ditu, sasoi hartan pinturarekin adierazten bazen ere. Munduan zehar ibilitakoa da eta ibiltzen jarraitzeko asmoa du, baina pozik agertu du bere lana "etxe inguruan", Euskal Herriari deitzen dion bezala. Orokorrean museo, galeria eta ferietan ikusi ahal diren lanak herrietara hurbildu ditu, beste inguru bateko jendeari lana ikusteko aukera ematen du. "Artelanak erakutsi behar dira", amaitzen du.