Arrakastaz beteriko lehiaketa
Sondikan ospatutako "Izarren Distira" kanpainako finala ikusgarria izan zen
Sondika
Hiru minutu nahiko izan ziren urriaren 30ean Sondikako Kultur Etxea betetzeko. Bertan, ateak ireki baino lehen, ehundaka lagun bildu ziren sarreren zain. Barruan, Txorierri osoko gazteen lehiaketa zegoen martxan. Show-ak 12-18 urte bitarteko gazteak zituen protagonista. Guztira zortzi talde edo aurkezpen izan ziren, 12tik hasi eta 18 urte arte adin tartekoak, aurretik adierazitako adin tarte guztia hartuz.
Giro onean ospatutako jaialdian, herritarrak izan ziren nagusi. Ivan Pérez 18 urteko gazte deriotarra izan zen garailea, bakarrizketa, beat box teknika eta umorea nahastu zituen berak saioan. Arrakasta handiko lana izan zen eta internet bidez eskuragarri dago saioaren bideoa. Bigarren, Hakima Velez, dantzari lezamarra izan zen. 13 urte dituen gazteak, ikuskizun berezia prestatu zuen saiorako. Kattalin Barcena eta Arrate Gaztelu abeslari larrabetzutarrak izan ziren hirugarrenak, 14 urterekin. Baina gutxienekoa sarien banaketa zen.
"Arrakasta handia lortu du lehiaketak eta jada hasi gara pentsatzen datorren urteko edizioan", diote Mankomunitateko arduradunek. Sei herrietako gazteak aritu dira lehia-tzen eta giro ona sortzeaz gain, euskararen erabilera areagotzea ere lortu dute. "Helburua euskara eskolen eremuetatik atera eta aisialdira eramatea da", zioten euskara saileko arduradunek lehiekata hasi aurretik. Saioan, aurkezpen guztiak euskaraz izateaz gain, Internet sarea ere erabili dute. Gazteekin hartu emana indartzeko asmoz, Izarren Distira Txorierri sarea sortu zen Tuentian. Tresna honen bitartez argazkiak, bideoak partekatu zein zuzeneko komunikazioa sustatzeko aukera eskaini da. Gazteen iritzia, proposamenak ezagutu eta talde izaera indartzeko bide berri hori Txorierriko gazteen eskura jarri zuten.
Talde lanari esker, ikuskizun bat sortu, landu, kastingean aurkeztu, sortutakoa txukundu eta final ikusgarri batean parte hartzeko aukera izan dute Txorierriko nerabeek. Gazte askok interesa erakutsi zuten eta azkenean posible izan zen show ezberdinez hornitutako finala. Adin guztietakoak hartu zuten parte eta sei udalerrietatik etorritako gazteak aritu ziren: Loiu, Derio, Zamudio, Lezama, Larrabetzu eta Sondika. Ekitaldia Nerea Aliasek aurkeztu zuen, eta Hamaika telebistakoek grabatu eta telebistan eman dute. Hauek osatu zuten epaimahaia: Lander Otaola Vaya Semanitako aktorea eta Kerman mintzalagun bila programako aktorea, Andrea Arrizabalaga Teleberriko aurkezlea eta Ortzi Garitano.