Salgai Olentzero bisitatzeko sarrerak
Aurreko urteetako bisitak ikusita, Izenaduba Basotik tiketak "ahalik eta arinen" erostea gomendatu dute
Mungia. Mungiako Izenaduba Basoa parke mitologikoak gabonen sasoiari dagozkion sarrerak jarriko ditu salgai. Bihartik hasita, azaroa, abendua eta urtarrilerako tiketak erosi ahal izango dira. Iaz, sasoi berean, 15.000 bisitari inguru jaso zituzten. Aurten, marka hura haustea espero dute. "Aurreko urteetako erritmo bera espero dugu. Urtero bisitari kopurua handitzen joan da eta hurrengo gabonetako sasoian ere horrela izatea espero dugu", diote zentroko arduradunek.
Sarrerak BBK banketxearen bitartez jarriko dira salgai. Hiru aukera zabalduko dira tiketak eskuratzeko. Batetik internet bidez -www.bbk.es webgunearen bitartez-; bestetik, BBK-ko zerbitzu anitzetarako kutxazainetan; azkenik, BBK-ko salmenta telefonoaren bitartez: 94 431 03 10. Hogei lagunetik gorako taldeek gainera prezio berezia izango dute eta sarrerak zuzenean parkean erosi beharko dituzte. Egun bereziak izanda, parkeko arduradunek sarrerak "ahalik eta arinen" erostea gomendatzen dute. Bereziki, Olentzeroren etorreraren aurreko egunetako tiketak izaten dira lehenak agortzen.
Azaroan, abenduan eta urtarrilean zehar zabalik mantenduko da parkea, Gabon egunean, Urteberri egunean eta Errege egunean izan ezik. Beste egun guztietan zabalik iraungo du, umeen opor sasoia barne. Bisitak gida baten laguntzarekin burutuko dira eta bi ordu inguru hartuko dute bakoitzak. Egun osoan zehar zabalduko dira bisitak, bereziki jai egunetan, "bisitarien etorrera handitzen denean". Iazko sasoi berean 15.000 bisitari inguru jaso zituen parkeak bi hilabetetan. "Urtean zehar zentroa zabalik dago baina gabonetan da bisitari gehien hurbiltzen direnean. Egun batzuetan, 900 bisitari baino gehiago jasotzen ditugu".
Aurtengo sasoi honetan, nagusiek 9 euro ordaindu beharko dituzte sarrera bakoitzeko, 3 eta 14 urte arteko haurrak aldiz, 7 euro, eta bi urtetik beherakoak doain sartuko dira. Talde txikiak sortzen dira bidaia burutzeko eta komeni da aurretik erreserba egitea, ordutegia kontsultatuz. 20 lagunetik gorako taldeek ere sarrerak erosi ditzakete, guztiak 7 euroko salneurrian."Hona datozenean ordutegia aurretik finkatuta dago eta bisita osoa programatuta dago", diote arduradunek.
Parkeak 6000 metro karratu inguru ditu. Bertan, Bizkaiko baserririk zahrrena dago, aurten 500 urte betetzen dituen Landetxo Goikoa. Ikus-entzunezko edukiaz horniturik dago bidaia osoa eta euskal mitologia da nagusi bertan. Mitologiako pertsonaiak dira bisita eta jokuetako gidariak. Gainera, Mungiako parke mitologikoak 3-D simulagailua ere badauka, haurrentzat zein nagusientzat aproposa eta bisitaren barne sartzen dena.
Gabonetako sasoi horretan gainera, bestelako ekintzak ere prestatzen dituzte Izenaduban. "Programazio berezia izaten dugu, pertsonai mitologikoak nagusi izaten direla batez ere. Sorpresaz betea egoten da", azaltzen dute arduradunek. Aurten, Mungiako irristaketa pista berriro ere instalatuko dute, herriko frontoian.