Atzo arratsaldean, ekainaren 24an, Bilboko Lankidetzako Udal Kontseiluaren XLV. osoko bilkura egin zen Zazpikaleetako La Bolsa udaltegian, eta 34 GGKEk eta erakundeetako eta gizarte-entitateetako ordezkariek hartu zuten parte, Iñigo Zubizarreta Giza Eskubide, Bizikidetza, Lankidetza eta Kulturartekotasun saileko zinegotzia bileraren buru zela
Bilkuran, besteak beste, gizarte-eraldaketarako hezkuntzan oinarritutako lan-batzorde berri bat sortzea erabaki zen. Ekimen horrek indartu egiten du udalak herritar global kritiko eta solidarioak sustatzearekin eta sentsibilitatea sortzearekin duen konpromisoa. Bilkuran, Bilboko Udalaren garapenerako lankidetzako 2025eko jardueren memoria ere aurkeztu zen. Memoria horretan, nazioarteko lankidetzaren arloan sustatutako jarduera-ildo, proiektu eta ekimen nagusiak jasotzen dira. Testuinguru horretan, Bilboko Lankidetzako Udal Kontseiluaren urteko memoria ere onartu zen. Memoriak kontsulta- eta partaidetza-organo horrek azken ekitaldian egindako lanaren berri ematen du.
XLV. osoko bilkura honek berretsi egiten du Kontseiluaren papera udalaren lankidetza-politiketan parte hartzeko, koordinaziorako eta elkarrizketarako funtsezko espazio gisa, eta Bilboko ekintza solidarioa indartzen laguntzen du.
Aholku-emailea eta parte-hartzailea, 2004tik
Bilboko Lankidetzako Udal Kontseilua 2004an sortu zen, eta organo aholku-emaile eta parte-hartzailea da, Bilboko Udalak sustatua, gizarte zibilak garapenerako lankidetza-politiketan parte hartzea antolatzeko. Udal-administrazioak eta nazioarteko elkartasunaren eremuan lan egiten duten gizarte-erakundeek elkarrizketarako gune egonkor bat finkatzeko Udalak egiten duen apustu instituzionalari lotuta dago haren sorrera, arlo honetan gobernantza parte-hartzailea indartzeko asmoz.
Helburu nagusien artean, nabarmentzekoa da Udalari aholkularitza ematea garapenerako lankidetzako politika publikoen definizioan, jarraipenean eta ebaluazioan. Era berean, inplikatutako eragileen arteko koordinazioa sustatu nahi du (GGKEak, erakundeak eta beste kolektibo batzuk), nazioarteko elkartasunaren eta justizia globalaren inguruko gizarte-sentsibilizazioa sustatu, eta giza eskubideekiko eta garapen jasangarriarekiko konpromiso handiagoa duten herritarrak sortzen lagundu.
Kontsulta-organo honek funtsezko zeregina betetzen du parte hartzeko eta koordinatzeko tresna gisa, lankidetzarako udal-politika indartuz eta politika hori ikuspegi inklusibo eta garden batetik eraikiko dela bermatuz, garapenerako erronka globalekin lerrokatuta.