Datorren ostiralean eta larunbatean, ekainak 19 eta 20, ospatuko da Gau Zuriaren edizio berria. Gaur goizean Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eta Gau Zuriako zuzendari Begoña Escribanok Hiriaren fundazioaren 726. urteurrena gomutatzeko ekitaldi berezi hau aurkeztu dute Arabiar Aretoko hallean.
Alkateak azaldu duenez, "Bilbo hiri irekia, sortzailea eta etengabe eraldatzen ari dena da. Gau Zuria identitate horren isla da, eta erreferentziazko hitzordua kultura- eta gizarte- egutegian. Ekitaldi horrek hiria argiaren, artearen eta teknologiaren bidez berriro deskubritzera gonbidatzen gaitu. Herritarrek aukera izango dute Bilbo ikuspegi berrietatik ezagutzeko, hainbat lekutatik, berrikuntza, sormena eta parte-hartzea uztartzen dituen esperientzia komun batean, hiri- paisaiari begiratzeko eta hura bizitzeko beste modu bat eskainiz eta gizartearen kultura-ohitura berrietara egokituz".
Ekitaldia bi egunetan egingo da, barikuan eta zapatuan, 19:30etik 00:30era, eta 29 instalazio eta proposamen artistiko (15 tokikoak dira, 8 estatu mailakoak eta 6 nazioartekoak) eskainiko dira publiko guztientzat, arreta berezia eskainiz familiarteko publikoari, kultura-esperientzia inklusibo, irisgarri eta parte-hartzaile gisa sendotuz.
Itsasadarra, ibilbidea egituratzen duen ardatza
Aurtengoan, Bilboko itsasadarra izango da ibilbidearen ardatz nagusia, eta Udaletxetik Itsas Museoraino jarduerak antolatuko dira, hiriko espazio enblematikoenetako batzuk zeharkatuz, hala nola Uribitarte pasealekua, Zubizuri, BilbaoArteko Uribitarte40 aretoa, Bizkaia Aretoa, Casilda Iturrizar parkea edo Euskalduna jauregia.
Era berean, ibilbidea Azkuna Zentrora hedatuko da, Gau Zuriaren hiri-izaera indartuz eta herritarrek gozatzeko dituzten aukerak zabalduz.
Kaleak, zubiak, kaiak, plazak, berdeguneak eta kultura-ekipamenduak sorkuntza garaikidearen agertoki bihurtuko dira, artea, diseinua, teknologia eta herritarren arteko elkarreragina uztartzen dituzten proposamen artistikoekin.
Begoña Escribanok azaldu ditu programazioko xehetasunak, eta, azaldu duen bezala, «hitzordu honetan murgiltze-instalazioak, esku-hartzeak argiekin, proposamen interaktiboak, ikuskizun ibiltariak eta esperientzia sentsorialak egongo dira, hala Bilbo agertoki artistiko handi bihurtzen duen ibilbide bat eratuz».
Aurtengo nobedadeen artean, nabarmentzekoa da abesbatza- eta instrumentu-ikuskizunak Euskalduna jauregiko hallera eraman direla. Bertan, Bilboko taldeek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte bi egunetan. Gainera, programaren barruan Gau Zuriaren beste edizio batzuetako instalazioak, berregokituta, egongo dira, hala nola Abandoibarrako Itsasargiak edo Zizak.
Kultura irisgarria eta jasangarria
Gau Zuriak kultura-eredu jasangarri, inklusibo eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) bat datorren eredu batekiko konpromisoari eusten dio. Material berrerabilgarriak erabiltzearen eta jasangarritasun-irizpideetatik sortutako argi-instalazioak garatzearen aldeko apustua egiten du, ingurumen-inpaktua minimizatuz.
Era berean, kultura-azpiegituretarako irisgarritasuna bermatzen du, sorkuntza garaikidea herritarrengana hurbilduz hiriko hainbat espazio, instalazio eta kultura-zentrotan. "Programazio irekia, plurala eta publiko guztientzat pentsatua da, kulturaz hurbiletik eta ingurunearekiko errespetuz gozatzeko gonbita egiten duena", gaineratu du Aburtok.
Nazioarteko kultura-erreferentea
Gau Zuria erreferente gisa finkatu da sorkuntza garaikideko jaialdien esparruan, eta estatuko eta nazioarteko (Frantzia, Alemania edo Australia) artistek eta konpainiek parte hartzen dute, bai eta ospe handiko eta nazioarteko proiekzioa duten tokiko sortzaileek ere.
Bilboren 726. urteurrena
Gau Zuria hiriaren 726. urteurrenaren ospakizunen barruan dago. Gaur bertan, ekainak 15, 1300. urtean hiria sortu zen egunean, Bilboko bandera altxatu dute Ernesto Erkoreka plazaren erdiko lorategietan, alkatea ekitaldiko buru izanik. Berarekin batera korporazioko kideak egongo dira.
Datorren igandean, ekainak 21, herritarren lore-eskaintza egingo da On Diego jaunaren omenez. Juan Mari Aburto alkatea eta zinegotziak, dantzariak eta txistulariak lagun dituztela, Udaletxetik Plaza Biribileraino joango dira. Plaza horretan dago hiriaren sortzailearen estatua eta han erromeria bat egingo da.