Martxan da Aste Nagusiaren irudi ofiziala hautatzeko kartel-lehiaketa
Proposamenak aurkezteko epea maiatzaren 31ko 23:59ak arte egongo da zabalik
Urtero bezala, Bilboko Udalak abuztuan ospatuko den Aste Nagusiaren irudi ofiziala izango den kartela hautatzeko lehiaketa jarri du martxan. Epea gaur bertan ireki da, apirilaren 30ean, eta maiatzaren 31ko 23:59ak arte egongo da zabalik.
Lehiaketa diseinu grafikoaren arloko profesional eta zale guztiei dago zuzenduta, edozein nazionalitatetakoak izan daitezkeenak. Proposamenak Bilboko Udalaren webgunean aurkeztu ahal izango dira; bertan, “Aste Nagusia 2026 Kartel Lehiaketa” izeneko esteka bat gaituko da, lehiaketaren oinarrietara eta izena emateko inprimakira zuzenean sartzeko.
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bi lan original eta argitaratu gabe aurkeztu ahal izango ditu, izenburu edo lelo batekin identifikatuta. Bereziki baloratuko da Hiribilduaren aniztasuna islatzeko gaitasuna, besteak beste generoari, sexu-orientazioari, kulturari, adinari, gaitasunei, gizarte-klaseari eta gorputz-aniztasunari dagokienez, estereotipoak edo aurrez definitutako rolak saihestuz.
Lanak bidaltzeko, gehienez 1 MB-ko JPG fitxategi bat eta bereizmen handiko (300 ppp) PDF bat aurkeztu beharko dira, 50 cm x 70 cm-ko formatu bertikalean. Kartela sortzeko Adimen Artifizialeko (AA) tresnak erabili badira, nahitaez adierazi beharko da hori, eta erabileraren maila zehaztu, betiere jabetza intelektualaren eskubideak errespetatuz.
Kartel irabazlearen hautaketa
Artearen, diseinuaren eta komunikazioaren arloko 5 kidek osatutako epaimahai batek; Korporazioko 3 ordezkarik, tartean Itziar Urtasun Jai Batzordeko presidenteak; eta Bilboko Konpartsen ordezkari batek, guztira 6 kartel hautatuko dituzte, eta horiek herritarren bozketara eramango dira ekainaren 15etik 21era bitartean.
Bozketa sistema misto baten bidez egingo da, herritarrek 2026ko Aste Nagusiaren irudia aukeratzeko parte-hartzea errazteko: aurrez aurreko herri-bozketa (lekua zehazteke), Udalaren webgunearen bidezko online bozketa, eta epaimahaiaren bozketa.
Berritasun gisa, herri-bozketak pisu handiagoa izango du azken erabakian: herritarren botoek, bai online bai aurrez aurrekoek, %35eko pisua izango dute bakoitzak, epaimahaiaren % 30aren aldean.
Ekainaren 23an iragarriko da kartel irabazlea, eta 2026ko Aste Nagusiaren irudi ofiziala bihurtuko da. Egileak 3.000 euroko saria jasoko du.