Euskara ikasteko dirulaguntzen deialdia abiarazi du Bilbok
Eskabideak bihartik maiatzaren 5era bitartean aurkez daitezke, udalaren web-orrian edo herritarren arretarako bulegoetan.
Bilboko Udalak 700.000 euroko aurrekontua bideratuko du herritarren artean euskara ikastea sustatzeko, dirulaguntza-deialdi berri batean. Bihar, apirilaren 14an, irekiko da eskatzeko epea, eta maiatzaren 5era arte egongo da zabalik. Herritar guztientzat irekita dago deialdia.
Baldintza hauek betetzen dituztenek eskatu ahal izango dute laguntza: erroldatuta egotea, gutxienez azpimaila bat gainditzea, % 60ko asistentzia izatea eta erakunde publikoekin zorrik ez izatea. Diru-poltsa agortu arte emango dira dirulaguntzak.Horrela, baldintza horiek betetzen dituzten bilbotar guztiek aukera izango dute dirulaguntza bat eskatzeko, Bilboko zein Bilbotik kanpoko homologatutako edozein euskaltegitan euskara-ikastaroren bat egin izanagatik. Diru-poltsako 700.000 euroak eskatzaile guztien artean banatuko dira, eskatzaile bakoitzari ahalik eta laguntzarik handiena emanda.
Deialdiari buruzko informazioa udalaren webgunean kontsulta daiteke, eta eskaerak bi modutan aurkez daitezke: udalaren web-orriaren bidez edo erregistroan, herritarren arretarako bulegoetan.
InfoBilbao berria
Bestalde, gaurtik aurrera, Bilboko Udalak InfoBilbaoren eskuorri bat banatuko du postontzietan, espazio publikoan gizalegearen kontrako jokabideak murrizteko kontzientziazio-kanpaina berriaren xehetasunen berri emateko.
Udalak bizikidetza hobetzeko hartutako konpromisoaren barruan dago ekimena, eta ohitura arduratsuak hartzearen garrantziaz sentsibilizatzea eta espazio publikoa partekatua dela gogoraraztea du helburu.
Kanpaina martxotik azarora bitartean egingo da Ez utzi arrastorik, utzi aztarna lelopean, eta modu mailakatuan aztertuko dira gizalegearen kontrako jokabideak, esaterako animalien gorozkiak ez jasotzea, espaloietan bizikletaz edo patinetez ibiltzea edo bide publikoan hondakinak uztea.
Bilbobusen autobusetan, hiri-altzarietan, hedabideetan eta udal-kanal digitaletan egongo da, herritar guztiengana iristeko.
Guztira 150.000 ale argitaratu dira, eta etxebizitzetako postontzietan, udaltegietan eta herritarrei arreta emateko bulegoetan banatuko dira. Era berean, eskuragarri egongo da udalaren webgunean, Argitalpenak atalean.
Juan Mari Aburto alkateak 2025eko hiriaren egoerari buruzko osoko bilkura berezian iragarri zuen konpromisoari erantzuten dio ekimenak.